Su Ta Gar taldearen fanzinea sortu du Urko Ansak
Su Ta Gar talde eibartarraren jarraitzaile sutsua da Urko Ansa markinarra eta kritiko musikala izan denez, hainbatetan idatzi du euren inguruan, elkarrizketak zein erreportajeak izan. Pasio horrek eramanda, Su Ta Garren inguruan idatzitako guztiak eta argazkiak bildu eta fanzinea sortu du bere eskuekin, 80. eta 90. hamarkadetako ezpirituari eutsiz.
Bertan agertzen diren testuak eta argazkiak (denak berak egindakoak), ostera, azken 25 urteetara mugatzen dira, “bestela liburu potolo bat irtengo zitzaidalako”, esan digunez. Mondo Sonoro aldizkarian, Berrian, Entzun aldizkarian, Garan eta beste hedabide batzuetan idatzi du Ansak, eta orain guztion eskura laga du. Fanzinearen azala eta marrazkiak egiteko, gainera, Amaia Nolla herrikidearen laguntza jaso du.
Salgai dagoeneko
Fanzinea Durangoko Azokan salgai egon zen, “eta batzuk saldu ziren”. Orain, Markinako Uhagon kultur gunean eskuratu daiteke eta Ondarrun, Mutrikun eta Bilbon saltzeko asmoa du. Noski, Eibarren ere saiatuko da fanzinea eskuragarri egoten.
Ansak azaldu digunez, ez da Su Ta Gar taldearen fanzine ofiziala, baina taldekoekin harremanetan jarri zen baimena jasotzeko eta hauek oso ondo hartu zuten proposamena, baiezkoa emanez.