Teknikerrek 4.0 industrian neurketak egiteko 3D alternatiba optikoetan hartzen du parte
Sistema eta prozesu optiko horien neurketa metodo trazagarri eta estandarizatuak ezartzeko helburuarekin, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker euskal zentro teknologikoak Europako TRACOPTIC proiektuan parte hartzen du 2021etik aurrera. Proiektuak hainbat tresna probatuko ditu, hala nola 3D mikroskopioak eta hainbat motatako sentsore optikoak, horiek industria-eremuan ezartzea errazteko.
“Neurketa-sistema optikoei esker, industria-prozesuetan denbora eta kostua gutxitu dira, Europako enpresen lehiakortasuna hobetuz eta beste eskualde batzuetara kanporatzea murriztuz. Gainera, pieza akastunak goiz detektatzen eta hondakin gutxiago sortzen laguntzen dute. Kontakturik ez egoteak gainazalen narriadura saihesten du eta geometria konplexuak edo tamaina oso txikikoak neurtzeko aukera ematen du”, Gorka Kortaberria proiektuaren arduradunak nabarmendu duenez. Ekimenaren azken helburua enpresek, fabrikatzaileek, laborategiek, ikerketa-institutuek eta unibertsitateek neurketa-teknika optikoen jardunbide egokien gida diseinatzea da. Kontuan hartu beharko dituzte zenbait sektoretan (hala nola automobil-industrian, aeronautikan edo biosanitarioan) gertatzen diren ezaugarri geometrikoak, kasu bakoitzerako tresneria eta prozedura hoberena aukeratu ahal izateko.