Teknikerreko langileei KPIaren araberako soldata igoera aplikatuko zaie, epailearen aginduz
2022/06/02
10:10
eta kitto!
Eibarko Lan Arloko Auzitegiak, argitaratu berri duen epaian zehaztu duenez, Tekniker Zentro Teknologikoko 280 langileei KPIko igoera aplikatuko zaie soldatetan, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenak jasotzen duena betearazita. LAB sindikatuak atzo jakinarazi zuenez, Teknikerren ordezkaritza duten sail sindikalek (LABeko 9 kide eta ELAko 4) salaketa sartu zuten, “Teknikerreko lan hitzarmena ultraaktibitatean egonda, enpresak ez zuelako Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenean adostutako KPIren igoera aplikatu nahi. Epaiak arrazoia eman digu eta, beraz, KPIren igoera izango dute langileek. LABentzat, beste hainbat enpresetan aplikagarri den epai garrantzitsu eta pozgarria da ezagutu berri duguna, sektore hitzarmenen babesa indartzen duelako. Gainera, LABetik salatu nahi dugu Tekniker kide den BRTA (Basque Research Technology and Alliance) Ikerkuntza eta Garapena sustatzeko Konsortzioa, langileengan eta euren ezagutzan inbertitu beharrean, murrizketak aplikatzen ari dela. Dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari gehiegizko propaganda albo batera utzi eta Zientzia eta Teknologiaren alde benetako apustua egiteko eta BRTA Konsortzioko langileen lan baldintzak hobetzeko, horixe baita industriaren lehiakortasunari egin diezaiokeen ekarpenik onena”.