Thermopylae arte martzial mistoen ikuskizunaren bigarren edizioa egingo da larunbatean

Arratsaldeko 16:00etatik aurrera hamaika borroka egongo dira Astelena frontoian
Thermopylae arte martzial mistoen ikuskizunaren bigarren edizioa egingo da larunbatean
2026/03/25 12:58
Ekhi Belar Errasti

Iazko arrakastaren ostean, Thermopylae arte martzial mistoen ikuskizunaren bigarren edizioa jokatuko da larunbatean, martxoak 28, Astelena frontoian, 16:00etatik aurrera. K1 eta MMA modalitatetako 11 borroka egingo dira guztira, Eibarko Ronin eta Sakura gimnasioetako borrokalariekin tartean. Horrela, Ronineko Iñaki Ordoño eta Sakurako Samuel Gomes arituko dira lehia nagusietan, Asier Arceren eta Jokin Martinen aurka, K1ean eta MMAn, hurrenez hurren. Maialen Ladok Itziar Zengotitabengoa izango du arerio K1ean eta Amina Gourmatek Sofia Gaona.

Sebastian Hernandez Sakura Teameko arduradun eta Thermopylae ikuskizunaren bultzatzailearen iritziz, “Eibarren oso borrokalari onak daude, baina orain arte ia ez dute hori erakusteko aukerarik izan”. Iritzi berekoa da Ian Exposito Ronin klubeko arduraduna, eta borrokalariek gogor entrenatzen dutela azpimarratzen dute guztiek: “Ez bakarrik alde fisikoa, baita burua eta hainbat balore ere”.

Larunbat arratsaldeko jaialdirako motorrak berotzeko, 11:00etan, borrokalarien pisaketa-saioa egingo da Arkupe tabernaren arkupeetan, eta bertaratzeko gonbitea egin dute antolatzaileek.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Udaleko ordezkariek, antolatzaileek eta aipatutako hiru borrokalariek. “Ikuskizuna emateko gogoz gaude”, aipatu dute Ordoño, Lado eta Gourmatek. “Gainera, oso lehia erakargarriak prestatu dira, Termopiletakoen mailakoak”, esan du Expositok.

Modalitate bien arteko ezberdintasunez galdetuta, zera argitu dute: “K1ean boxeoa eta ostikoak uztartzen dira, belauna ere erabili daitekeelarik. MMAn, bestalde, lurreko borroka (grappinga eta jiu-jitsua) eta kolpeak uztartzen dira, ikusgarriagoa delarik”.

Ikuskizunerako sarrerak Sakura eta Jürna gimnasioetan, Beleko tabernan, eta I Am eta Abdel ile-apaindegietan daude eskuragai ostiralera arte, eta larunbateko pisaketa-saioan eta Astelenako leihatilan ere erosi ahal izango dira. Harmailetako sarrerek 25 euro balio dute eta pistako jarlekuetakoek 35 euro. “Inbertsio handia egin behar izan dugu: argiak, musika, tasak... Baina, hainbat ikuskizunetan egon ondoren, esan dezaket ez dagoela gure bezalako ikuskizunik inguruan”, aipatu zuen Hernandezek. Gainera, Astelena frontoian egitearen balioa azpimarratu du Expositok: “Bistarako eta entzumenerako gozamena da, eta borrokak oktogonoan ikustea beste maila bateko esperientzia da”.