Toribio Echevarria enpresa sarietarako hautagaitzak maiatzaren 24ra arte aurkeztu daitezke
Toribio Echevarria sariek bi kategoria nagusi dituzte: “Idea/Enpresa-proiektuak” eta “Enpresa berria”. Proposamen irabazleek 10.500 euroko diru-saria jasoko dute, eta proiektu horiek garatzeko funtsezkoak diren laguntza-, finantzaketa-, aholkularitza-, mentoring- eta prestakuntza-programetan parte hartzeko aukera. Horiez gain, sari bat dago nazioartekotze-bidean laguntza behar duten enpresa-ekimenetara bideratua eta Eibarko Udalak ematen dituen beste bi sari berezi.
Kategoria bakoitzean sartzeko baldintza eta oinarri guztiak www.toribioechevarria.com webgunean kontsultatu daitezke. Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 24an amaituko da.
Sari bereziak
Eibarko Udalak, gainera, beste bi sari berezi ere ematen ditu “Eibarko Enpresa” eta “Espezializazio Estrategikoa” izenekoak, herriko enpresa-sare berritzaile eta lehiakorra garatzen laguntzeko. Bi sari horietako bakoitzak 10.500 euroko dotazioa du eta BIC Gipuzkoa erakundearen bidez formazio espezializatua jasotzeko aukera. Bi kasuetan, oinarriek ezartzen dute enpresa irabazleek egoitza Eibarren izan behar dutela edo Saria eman eta gehienez urtebeteko epean, herrian ezartzeko konpromisoa hartu behar dutela, gutxienez, bi urterako.
“Eibarko enpresa” saria beste bi kategoria nagusietako edozeinetan aurkeztutako hautagaitza bati emango zaio; irizpidea izango da kalitate eta berrikuntza maila handia eskaintzea eta merkatuari balio-proposamen bat egitea, eta baita inbertsioa eta enplegua sortzeko ahalmena izatea ere.
“Espezializazio estrategikoa” sariaren kasuan, kirolaren alorreko egitasmoak lehenetsiko dira; nolanahi ere, beste arlo estrategiko batzuk ere aintzat hartuko dira, hala nola energia eta manufaktura aurreratua, bereziki, mikrodoitasun-mekanika eta robotika.