Toribio Etxebarriari buruzko lehiaketa antolatu dute

Toribio Etxebarriari buruzko lehiaketa antolatu dute
2012/11/06 00:00
eta kitto!

Gaur (martitzena, azaroak 6) aurkeztu dute udaletxean Esther Kareaga Euskera-Kultura zinegotziak, Junkal Txurruka euskera teknikariak eta Eva Alberdi Juan San Martin Liburutegiko arduradunak abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren harira antolatu duten lehiaketa. Euren berbetan, "Toribio Etxebarriaren jaiotzaren 125. urteurrena dela-eta, eibartarren artean Toribio bera eta bere lana ezagutzera ematea da lehiaketaren asmo nagusia".
Adinaren arabera sail bi bereiziko dira: 12 urte artekoena (Lehen Hezkuntza osorik) eta12 urtetik gorakoena edo irekia. Aste honetan bertan, barixakuan hasi eta 3 astetan jarraian, Toribio Etxebarriarekin lotutako galderak kaleratuko dira …eta kitto! aldizkarian, Udalaren web orrian, www.eibarko-euskara.com helbidean eta liburutegiko blog bietan (helduen blogean eta umeen blogean).
Azaldu dutenez, "galderak barixakuetan kaleratuko dira eta hurrengo eguenra arte egongo da erantzuteko aukera. Hau da, azaroaren 9an kaleratuko da lehen galdera sorta eta erantzunak emateko azken eguna azaroaren 15a izango da. Hurrengo galdera sorta azaroaren 16an kaleratuko da eta erantzunak azaroaren 22rako eman beharko dira. Azken galdera sorta azaroaren 23an kaleratuko da eta erantzunak emateko azken eguna azaroaren 29a izango da".
Galdetegiari erantzun eta Juan San Martin Udal liburutegian apropos jarritako kutxatxoan sartu behar da. Aste bakoitzean saritu bi aukeratuko dituzte galderak ondo erantzun dituztenen artean egindako zozketa bidez eta sari banaketa abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean egingo da udaletxeko pleno aretoan. Irabazleentzat sariak kultura bonoak eta publikazioak izango dira.