Txirrindulari handien arteko mahai-ingurua egingo dute, bihar, Untzagako jubiletxean
Untzagako Gizarte Etxea galaz jantziko da bihar, azaroak 28, Abraham Olano, Igor Astarloa, Marino Lejarreta, Julian Gorospe, Pedro Horrillo, Migel Madariaga eta Jose Aranberriren arteko mahai-ingurua jasotzeko. Gainera, Javier Riaño OCETA-ko presidentea, Armando Lasa Euskal Bizikletako presidentea, Angel Lopez Eibarko Txirrindulari Elkarteko presidentea eta Jon Iraola Eibarko alkatea ere bertan egongo dira.
Ekitaldi irekia izango da eta hizlariek txirrindularitzako esperientziak eta pasadizoak partekatuko dituzte, “txirrindularitza gure herriaren nortasun-ezaugarrietako bat delako”, antolatzaileen berbetan.
Argazki-erakusketa
Mahai-inguruaz gain, Eibarko txirrindularitzari buruzko argazki-erakusketa ere jarriko dute Untzagako Gizarte Etxeko beheko solairuan. Abenduaren 7ra arte egongo da zabalik (San Andres egunean ezik, azaroaren 30ean), astelehenetik barixakura 19:15etik 21:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.