Txonta auzoaren birgaitzeak 3,5 milioi eurotik gorako dirulaguntzak izango ditu

Txonta auzoaren birgaitzeak 3,5 milioi eurotik gorako dirulaguntzak izango ditu
2026/03/18 12:55
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak jakinarazi duenez, Txonta auzoa berritzeko lanek aurrera jarraitzen dute, eta dagoeneko 3,5 milioi euro baino gehiago jaso dituzte dirulaguntzetan. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programatik, Next Generation funts europarretatik, Energiaren Euskal Erakundetik (EEE) eta Eibarko Udaletik iritsi dira.

Hasiera batean, egitasmoak auzoko 17 eraikin eta 224 etxebizitza hartzen zituen, baina azkenean bi atarik ez parte hartzea erabaki dute, eta, ondorioz, 15 erkidego eta 187 etxebizitza ari dira prozesuan parte hartzen.

2026ko martxoaren 4ko datuen arabera, egindako jarduketek 3,5 milioi euro inguruko dirulaguntzak esleitu dituzte. Inbertsio horien helburua da eraikinen energia-efizientzia eta irisgarritasuna hobetzea, eta, horren bidez, bertako bizilagunen bizi-kalitatea handitzea.

Finantzaketa lau ildo nagusitan banatu da. Handiena Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programarena izan da, ia 1,9 milioi eurokoa; Next Generation funts europarrek, berriz, 900.000 eurotik gorako ekarpena egin dute, eta horietatik 75 etxebizitzak jaso dituzte laguntzak. Udalak ere dirulaguntzak emango ditu: orain arte 148.000 eurotik gorakoak ebatzi dira, eta guztira 300.000 eurora iristea aurreikusten da. Azkenik, Energiaren Euskal Erakundeak 426.000 euro baino gehiago eman ditu, nahiz eta laguntza hori lau atarik soilik jaso duten.