Ubitxako lehenengo igogailuaren obrak lizitaziora atera ditu Udalak
2021/06/18
09:28
eta kitto!
Lanen helburua San Kristobal auzoari zerbitzua ematea da, izan ere, bertako irisgarritasuna oso konplikatua da kaleen artean desnibel handiak daudelako. 704.770 euroko aurrekontua du (BEZa barne). Lehenengo igogailuak bi geraleku izango ditu eta pasarela bat, proiektuan aurreikusitako bigarren igogailuarekin lotzeko.
Ubitxa kalea eta San Kristobal auzoa lotuta geratuko dira aurki, bi igogailu publiko egingo baitira ingurune horretako irisgarritasuna hobetzeko. Udalak lehenengo igogailuaren obrak atera ditu lizitaziora. Ubitxa 2 eta 4 zenbakien artean (Potosioneko tailer zaharretan) kokatu eta San Kristobal kaleraino ailegatuko da.
Lan horiek 704.770 euroko aurrekontuarekin lizitatu dira, bere garaian Injelan SL enpresak idatzitako proiektu batean oinarrituta. Eskaintzak aurkezteko epea uztailaren 6an amaituko da (egun hori barne).
Proposamena egiterakoan honako helburu hauek bilatu dira: irtenbiderik egokiena ematea, kontuan izanik xedea Ubitxa eta San Kristobal artean dagoen auzoaren goi aldeari zerbitzua ematea dela, inguru horretako irisgarritasuna oso konplikatua baita aldapa handiak daudelako kaleen artean; ahalik eta auzotar gehienei zerbitzua ematea; eta ingurunean ahalik eta inpakturik txikiena eragitea.
Proiektuan planteatutako irtenbidean, bi igogailu egingo dira, kota desberdinetan eta elkarrengandik 40 metrora dauden pasabideekin, Ubitxa eta San Kristobal lotuko dituen oinezkoentzako ibilbide bat osatuz, kale horien arteko eta inguruko etxebizitzei ere zerbitzua emateko.
Lehenengo igogailua Ubitxa kaleko 2 zenbakitik abiatuko da. Bi geraleku izango ditu, eta pasarelen bidez —7,40 eta 25,80 metroko luzerakoak, hurrenez hurren— atarietarako sarbidea erraztuko da. Goiko pasarela ere bigarren igogailuarekin lotuta egongo da, eta sarbidea emango die San Kristobal kaleko 4, 6 eta 21 atariei.
Bigarren igogailua, zeina geroago irtengo baita lizitaziora, 4 zenbakiko etxabearen ondoan jarriko da, gaur egun , 6 eta 21 atariei sarbide ematen dieten arrapala eta eskailera batzuk dauden tokian; 3 geraleku izango ditu, pasarela eta arrapalekin, atarietarako sarbidean hirigintza-oztoporik ez izateko.
Jarduketa hau herriko auzoak irisgarritasuna erraztuko duten sistema modernoez hornitzeko udal-planetan kokatu behar da. Jon Iraola Eibarko alkatearen arabera, “Udalak eutsi egiten dio auzoetarako sarbideak hobetzeko duela urte batzuetatik egiten ari garen apustuari, bai eskailera eta arrapala mekanikoen bidez, bai igogailu publikoen bidez, horrek guztiak, era berean, eibartarren bizi-kalitatean eragina baitu”.