Udako Aukeren Azoka zabalduko dute bihar, uztailak 22
Bihartik eguenera bitartean egingo da Udako Aukeren Azoka (uztailaren 22tik 24ra), Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) eta Eibarko Udalak elkarlanean antolatuta. Aurtengo “factoring” edo merkealdien azokan 29 establezimenduk hartuko dute parte, horietatik 20 Toribio Etxebarria kalean jarriko dituzten karpetan, eta gainontzekoek dendan bertan egingo dituzte eskaintza bereziak.
Inaugurazioa martitzenean, 09:45ean izango da, antolatzaileak, tokiko agintariak eta Eibarko merkataritzako ordezkariak bertan direla. Azoka egun osoan egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara hiru egunetan.
Euskeraz Primeran! poltsa oparituko dute
Urtero lez, ...eta kitto! Euskara Elkarteak ere mahaia izango du Udako Aukeren Azokan, eta euskararen erabilera sustatzeko ekimena egingo du bertan. Asmo horrekin, herritarrak euskararen erabilerarekin sentsibilizatzeko dinamika bat prestatu dute ...eta kitto! elkartekoek: “Dinamika horretan, postura gerturatzen diren herritarrek sektoreka bildu beharko dituzte denden logotipoak, eta euskararekiko konpromiso zehatzen bat hartu beharko dute. Trukean Euskeraz Primeran! ekimeneko erosketa-poltsa eramango dute eta, gainera, 100 euroko balioa duen erosketa-txartela irabazteko aukera ere izango dute”.