Udala gazteekin bilduko da lokalen ordenantzaren proposamena hobetzeko
Udalak gazteen lokalei buruzko ordenantzaren testua hobetzeko bilerak egingo ditu. Ohar baten bitartez aditzera eman dutenez, "Eibarko udalak, Hirigintza Sailaren bitartez, lanean dihardu gazteen lokalei buruzko ordenantzaren testua hobetzeko herritarren parte-hartzea sustatzen. Udalak aurkeztutako zirriborroari proposamenak idatziz jasotzeko aldia amaituta (dokumentua Pegoran, udalaren webgunean, Hirigintza Sailean eta Indianokua gaztelekuan dago eskuragarri) beste epe bati ekingo dio, nahi duten guztiek udal arduradunekin bilerak egin ditzaten".
Bilerarako hitzordua egiteko epea gaur (martxoak 18, astelehena) hasi eta hilaren 27an amaituko da. Hitzordurako eskaerak, berriz, Pegoran, telefonoz (943-708401 edo 943-708408 zenbakietara deituta) edo e-mailez egin daitezke (alcaldia@eibar.net, urbanismo@eibar.net edo gazteria@eibar.net). Udalak gazteei dei egiten die bilera horietan parte hartu dezaten.