Udalak 509.900 euroko inbertsioa egingo du aurten herriko merkataritza sustatzeko
Jon Iraola alkateak, Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoa eta Berrikuntza zinegotziak, Ana Aranberri Eibar Merkataritza Gune Irekia elkarteko presidenteak eta Nerea Salas Eibarko Dendarien Elkarteko presidente izendatu berriak hartu dute parte agerraldian. Esan dutenez, Eibarko Dendarien Elkarteari 25.000 euroko dirulaguntza esleitu zaio aurten: “Zenbateko hori hainbat sustapen-jarduera gauzatzeko erabiliko dira, hala nola erosketa-ibilbidea, zinema-sarreretarako deskontuak, saltokietan erosketak egiteagatik doan aparkatzea; hori guztia, tokiko kontsumoa eta udalerriko establezimenduekin elkarrekintza sustatzeko diseinatutako beste ekimen batzuekin uztartuta”.
Gaineratu dutenez, Udalak, Eibar Merkataritza Gune Irekia (EMGI) elkartearen bazkide den aldetik,” herriko merkataritzaren, zerbitzuen eta ostalaritzaren alde lan egiten duten tokiko eragile guztiak biltzen dituen erakunde horrekiko apustu irmoari eta konpromisoari eusten dio”. Kide izateagatik ordaintzen duen urteko 36.000 euroko kuotaz gain, guztira 199.000 euroko zenbatekoa osatzen duten hainbat dirulaguntza onartu dituzte. Horien artean daude enpresa-prestakuntzarako funtsak, merkataritza- eta ostalaritza-bonuak, bai eta merkataritza-sustapeneko kanpaina berriak abian jartzea ere, ekainaren 19an elkarteak egindako azken batzarrean adostutakoaren arabera.
Garapen ekonomiko Vanesa Hortas zinegotziaren hitzetan, “merkataritza bereziki garrantzitsua da. Izan ere, ekonomian eta enpleguan ez ezik, udalerriko bizitzan eta zerbitzuetan ere eragiten du. Merkataritzarik gabe, Eibar ez litzateke den bezalakoa izango. Azpimarratzekoa da Eibarko merkataritza berezia eta desberdina dela, arreta pertsonalizatua eskaintzen duela, eta hori da, hain zuzen ere, tokiko eragileekin egiten ditugun kolaborazioen bidez balioan jarri eta ikusarazi nahi duguna. Merkataritza indartsua duen hiri eredu baten alde egiten dugu. Horregatik, gure lan ildo nagusia sustapenean eta dinamizazioan oinarritzen da. Eibarko Udalak denda txikiei lagunduko die, besteengandik bereizteko eta indartzeko egiten duten ahalegin horretan lagunduko die”.
Bestalde, arlo digitalean 30.000 euroko partida espezifiko bat esleitu da, www.erosieibarren.eus plataforma tokiko merkataritzaren, zerbitzuen eta ostalaritzaren erreferentziazko atari nagusi gisa finkatzeko. Gainera, Gabonei begira, 60.000 euroko aurrekontua bideratu da Eibarko auzoetan eta merkataritza-gune nagusietan argi apaingarriak jartzeko. Amaitzeko, Udalak 271.000 euro bideratuko ditu Umeak Eskolara eta Laguntzak Ikasleentzat ekimenetarako.