Udalak 9.920 euro eman dizkio Ekimen elkarteari enpresa berriei laguntzeko
Gaur goizean udaletxean sinatutako hitzarmenaren bitartez, Udalak 9.920 euro eman dizkio Ekingune elkarteari, "berriki sortutako enpresei aholkularitza eta laguntza emateko". Horien koordinazioaz ere arduratuko da Azitaingo industrialdean dagoen elkartea. Hitzarmena Miguel de los Toyos alkateak eta Esther Velasco Ekinguneko ordezkariak sinatu dute. Ekingune ekintzaileen arteko lankidetza eta sustapenerako elkartea da eta Debabarreneko edozein ekintzailek bertako bazkide izateko aukera dauka, Jarduera Ekonomikoaren Zergaren (IAE) erroldan, gehienez, 5 urteko antzinatasuna badauka. Antolatu dituen ekimenetako bat On Ekin! lehiaketa da. Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez 8 lehiakidek hartu dute parte eta epai-mahaiak 3 finalista aukeratu ditu. Horien artean irabazlea aukeratzeko bihar bertan (eguena, hilak 6) Deporren ekitaldia eta afaria antolatu dute, 20.00etan hasita. Saria nori eman bertara joandakoek erabakiko dute.