Udalak etxebizitza-estrategia sendotu duela adierazi du
Eibarko Udalak etxebizitza politiketan urrats berria eman du, udal-diagnostiko tekniko berriak 5. barrutia ere bizitegi-eremu tentsionatu gisa aztertzea proposatu ostean. Orain arte 1. barrutian jarrita zegoen arreta, baina datu eguneratuek erakutsi dute 5. barrutiak ere betetzen dituela Etxebizitza Eskubidearen aldeko 12/2023 Legeak ezarritako baldintzak. Azterketaren helburua da etxebizitza eskuragarria bermatzeko eta merkatuan esku hartzeko tresna publiko gehiago izatea. Alkateak nabarmendu du etxebizitza eskuratzea dela gaur egun herritarren kezka nagusietako bat, bereziki gazteen eta familia askoren artean. Horregatik, udalaren asmoa da errealitateari egokitutako politika publikoak garatzea. Diagnostikoaren arabera, 2019-2024 artean etxebizitzen prezioek %22,5 egin dute gora 1. barrutian eta %23,2 5. barrutian; legeak ezarritako muga %22,4koa zen. Gainera, etxebizitzen salerosketa prezioa %31,3 igo da 2022tik, eta metro koadroa 2.368 eurotan kokatu da. Alokairu berrien batez besteko prezioa, berriz, 644 eurokoa da hilean. Etxebiden 1.380 lagun daude etxebizitza eske Eibarren, eta horien %91,5ek alokairua nahi dute. Eskatzaileen %35,3 35 urtetik beherako gazteak dira; datuakagerian lagatzen du gazteen artean dagoen arazoaren tamaina.
Bestalde, Gaztelagun programak 341 espediente ditu herrian, eta Bizigune programaren bidez 298 etxebizitza huts jarri dira alokairu babestuan. Udalaren arabera, eremu tentsionatuen deklarazioak aukera emango luke alokairu prezioak mugatzeko eta etxebizitza politiketan esku-hartze handiagoa izateko. Hala ere, prozesua ez da automatikoa, eta hainbat izapide administratibo bete beharko dira deklarazioa ofizial bihurtu aurretik.