Udalak hutsik dauden lokaletako erakusleihoak apaintzeko programa abiatuko du

Lokal horien salmenta edo alokairua sustatzea du helburu programak. Udalak bere gain hartuko du biniloak egin eta jartzearen kostua.
Udalak hutsik dauden lokaletako erakusleihoak apaintzeko programa abiatuko du
2026/07/03 11:31
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak hutsik dauden merkataritza-lokaletako erakusleihoak apaintzeko programa abiatuko du. Helburua da itxita dauden lokalak erakargarriago bihurtzea, horien salmenta edo alokairua erraztea eta, aldi berean, herriko merkataritza-kaleen itxura hobetzea.

Horretarako, Udalak binilo apaingarriak jarriko ditu hutsik dauden establezimenduetako erakusleihoetan. Binilo horien bidez, lokalak salgai edo alokagai daudela iragarriko da, eta erakusleihoei itxura zainduagoa emango zaie. Biniloak egin eta jartzearen kostua Udalak hartuko du bere gain.

Programa Barrena, Barakaldo, Karmen, Arragueta eta Urkizu kaleetako —azken horretan, bi aldeetan— erakusleihoa duten merkataritza-lokal hutsen jabeei zuzenduta dago.

Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 6tik 24ra bitartean egongo da zabalik. Behin epea amaituta, Udalak hitzarmena sinatuko du hautatutako lokalen jabeekin, eta biniloak egin eta jartzearen kostu osoa bere gain hartuko du. Horren truke, jabeek erakusleihoa egoera onean mantendu beharko dute, biniloa gutxienez urtebetez jarrita eduki —lokala lehenago saldu edo alokatzen ez bada—, eta biniloa jartzeko, mantentzeko edo kentzeko lokalerako sarbidea eman beharko dute.

Eskabideak aurreikusitakoak baino gehiago badira, Udalak hainbat irizpideren arabera egingo du hautaketa: erakusleihoaren tamaina, lokalaren kokapena eta egoera, eta programan parte hartzen duten kaleen arteko banaketa orekatua.

Interesa dutenek eskaera PEGORAn aurkeztu ahal izango dute, pertsona fisikoak badira, edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, pertsona fisikoek zein juridikoek. Horrez gain, lokalaren azalera eta erakusleihoaren neurriak jasotzen dituen agiria eta gutxienez lokalaren argazki bat aurkeztu beharko dituzte.