Udalak kontratatutako garbitzaileak protestan
Gaur (martitzena, hilak 4) udalak kontratatutako garbitzaileak Untzagan elkarretaratu dira, urte hasieraz geroztik euren lan baldintzak aldatu dituztela-eta protesta egiteko. Izan ere, urtarrilaren 1az geroztik Eibarko eskola, jantoki, haurreskola eta haur liburutegiko garbitzaileen kontratua aldatu eta Masterclin izeneko enpresako beharginak izatera pasatu dira, "euren eta eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatearen kalterako". Protestan zeuden beharginen berbetan, "udalak eta Masterclin-ek gure lanaldia murriztu eta aldatu egin digute, eta horrek, jakina, lanaren kalitateari eragingo dio. Murriztu dizkiguten lanorduak bakarrik umeek erabiltzen dituzten tokietatik kendu dizkigute. Adibidez, ehundaka umek erabiltzen dituzten komunak astean behin baino ez dira desinfektatuko, nahiz eta orain arte lan hori egunero egiten zen. Eta, gainera, hortik murriztutako lanorduak konpentsatzeko, markesinak eta eskailera mekanikoak garbitzera bidali nahi gaituzte datorren astetik aurrera".
Orain arte alderdi guztietako ordezkariekin eta alkatearekin bildu dira, "arazoa ahalik eta bizkorren konpontzeko asmoz. Gure beharra duintasunez egiteko baldintzak betetzea, besterik ez dugu eskatzen. Eta eibartar guztion artean ordaintzen dugun zerbitzu hau ahalik eta egokien egiteko borondate osoa daukagu". Konponbidea bilatu bitartean, gaurkoaren bidetik egunero goizeko 11.00tatik 12.00tara Untzagan elkarretaratzea egiten jarraituko dutela azaldu dute.