Udalak lizitaziora atera du Errebal Plazako postu finko baten emakida
Eibarko Udalak Errebal Plazako 6. postua (tabernaren ezkerraldean dagoena) adjudikatzeko baldintza-agiriak argitaratu ditu eta hilaren 28ra arte egongo da zabalik proposamenak aurkezteko epea.
Postuak 24,68 metro karratuko azalera du eta 6,63 metro karratuko biltegia. Gainera, oinarrizko instalazioez gain, hodi-hargunea du ke-irteerarako, eta edozein negozio mota martxan jartzeko prestatuta dago, betiere proposatutako jarduera hornidura-merkatu baten ezaugarrien, espirituaren eta helburuen ildoari jarraitzen badio.
Postu honetarako lizitazio-mota gisa ezarri den hileko kanona 383,55 eurokoa da, eta emakidaren iraupena 20 urtekoa izango da. Adjudikatzeko modua lehia-prozedura izango da, eta edozein interesdunek aurkeztu ahal izango du eskaintza.
Lizitazio-prozesuan sartu ahal izateko, interesdunek beren eskaintzak aurkeztu ahal dituzte bai elektronikoki, bai aurrez aurre Pegorako bulegoetan, urriaren 28ko arratsaldeko 18:00ak arte. Informazioa eta zehaztapen teknikoak www.eibar.eus. udal-webguneko "Kontratatzailearen profila" atalean daude.
(Argazkia: Mikel Askasibar)