Eibarko Udalak ondare industrialaren mapa egin du Debegesarekin lankidetzan
Eibarko Udalak, Debegesa, Debabarreneko Garapen Agentziarekin elkarlanean, hiriaren ondare industrialaren mapa sortu du. Horretarako, lehendabizi, industria-eraikin esanguratsuenak aukeratu ditu, zehazki, industria-gune gisa herriaren bilakaeran berebiziko garrantzia izan dutenak. Helburua da "bisitariak erakartzeaz gain, hiriaren ondare industriala aintzat hartzea eta balioestea. Mapa hau Eibarko turismo industrialaren alde emandako beste pausoetako bat da. Proiektuak hiri armaginaren industria-ondare aberatsa islatzen du eta haren industria-arkitektura berezia eta bakana. Mapak eraikinaren kokalekua erakusten du eta bertan izandako jarduera ekonomikoa. Gainera, maparen atzealdean herritarrentzat aski ezagunak diren enpresa hauen antzinako logo eta produktuekin egindako collage bat osatu da.", esan dute.
Armagintza herriaren espezializazioa izan zen mende luzeetan zehar eta zailtasun eta krisi garaietan Eibarrek egokitzeko izan duen gaitasunari esker, industria-sare nabarmen bat garatu zen enpresa eta produktu ugarirekin. Produktu horiek kokatu eta biltzeko sortu da mapa, bisitarientzat ez ezik, baita bertako eta inguruko jendearentzat ere. Bertan ikus daitekeenez, egun, enpresa horietako batzuek martxan jarraitzen dute, baina beste batzuek ez.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, “mapa honek balioa eman nahi dio Eibarren dugun ondare historiko eta industrialari. Fabrika enblematikoen presentziak aztarna historiko paregabea utzi du; kasu batzuetan jakin izan dugu lantegi horiek etxebizitza bihurtzen eta, beste batzuetan, industria-erabilera izaten jarraitzen dute”.
Industria-ondarearen mapa eskuragarri egongo da Armagintzaren Museoan, eskualdeko turismo bulegoetan eta herriko ostatuetan. Horretaz gain, formatu digitalean eskuratzeko aukera ere egongo da Udalaren webguneko turismo atalean.