Udalak trafikoa berrantolatuko du uztailaren 2tik aurrera Errekatxu inguruan

Eibartarrei gomendatzen zaie adi egon daitezen aldaketen aurrean.
Udalak trafikoa berrantolatuko du uztailaren 2tik aurrera Errekatxu inguruan
2025/06/30 11:26
eta kitto!

Asteazkenetik aurrera, uztailak 2,  bide-antolamendu berria sartuko da indarrean Errekatxu inguruan, bertako lanak oraintsu amaitu dira-eta. Aldaketak auzoko hainbat kaleri eragingo die, gune horretako mugikortasuna hobetu eta segurtasuna indartze aldera.

Eskema berriaren arabera, Bista Eder kaleko trafikoak Eibarko Txikito kaleranzko norabidea izango du, Migel Aginagatik eta Eulogio Garatetik igarota, amaieran Errekatxu-Arane bidean sartzeko. Bide horretatik beherantz doazenek aukera izango dute Aranerantz jarraitu edo ezkerrerantz egiteko Bista Ederrerantz, horrela  etxe-uhartean zirkuitu zirkularra sortuz.

Gune batek baino ez du izango noranzko bikotza: Bista Eder kalea Arane-Errekatxurekin lotzen duen bideak, Errekatxu 2ko eraikin berriko garajearen inguruan. Pedro Escribano Obrak Saileko zinegotziak azaldu duenez, “gune honek, bete beharreko segurtasun- eta irisgarritasun-baldintza guztiak dituenez, noranzko bikotzekoa izaten jarraituko du, trafiko-fluxuari eta segurtasunari kalterik egin gabe.

Neurri honekin, Bista Eder eta Migel Aginaga kaleen bi aldeko noranzkoa desagertzen da. Aldaketak joan-etorria erraztea eta auzoaren antolamendu berrira egokitzea du helburu.  

Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak dioenez, “aldaketak inguruko trafikoa arrazionalizatzea dakar, Bista Ederren eta Araneko bidearen arteko oraingo lotura aprobetxatuz, Bidebarrieta arintzeko.  Berrantolaketa honek lagundu egingo du inguruko bizilagunek eta bertako aparkalekuek sortzen duten trafiko-fluxua zuzentzen, eta, gure iritziz, hauxe da irtenbiderik egokiena.  Denbora beharko da ohitzeko, baina dudarik ez daukagu hobekuntza lehen egunetik nabarituko dela”.

Udalak gogorarazten du bidea behar bezala seinaleztatuko dela aldaketa hauek indarrean sartu aurretik, eta, era berean, eibartarrei gomendatzen die adi egon daitezen aldaketa hauen aurrean.

 

Bidebarrieta inguruan abuztuan egingo diren lanak

Lan hauek abuzturako aurreikusita zeuden jarduketei gehitzen zaizkie, besteak beste, Bidebarrieta kaleko 20. eta 24. pegoretan eta San Agustin kaleko bidegurutzean egin beharrekoei.

Esku-hartze hauek Errekatxuberri hobetzeko planaren barruan kokatzen dira, eta haien helburua da bide-segurtasuna indartzea, irisgarritasuna hobetzea eta bizilagunen arteko elkarbizitza erraztea. Abuztuan joan-etorri gutxiago egon ohi denez, garai hori aprobetxatuko da lanak aurrera eramateko.