Udalak Ugartetxea eraikina erosi du Txontan etxebizitza babestuetarako aparkalekua sortzeko
Eibarko Udalak Ugartetxea eraikina (Txonta kalea, 30) erosi du, Txonta auzoan aurreikusita dauden 200 babes sozialeko etxebizitzari lotutako aparkaleku bihurtzeko. Udalak duela hilabete jakinarazi zuen erosketa Eusko Jaurlaritzak emandako milioi bat euro arteko zuzeneko dirulaguntzari esker gauzatu ahal izan dela. Informazio gehiagorako, egin klik hemen.
Ugartetxea duela hainbat hamarkada eraiki zen, baina ordutik ez da inoiz erabili. Udalak nabarmendu duenez, behin eraikina eskuratuta, hutsik zegoen espazio bat berrerabiliko da, lurzoru gehiago okupatu gabe eta hirigintzan kalterik eragin gabe.
Jarduketa hau Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntual baten barruan kokatzen da, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin adostuta dago. Udalak jakinarazi du Ugartetxea eskuratzea hiria eraldatzeko estrategia zabalago baten parte dela, eta helburuen artean Txonta auzoa "bizigarriagoa, irisgarriagoa eta egungo beharretara egokituagoa" bihurtzeko asmoa dutela.