Udaletako mozioak zertan diren eta aurrera begirako proposamenak azaldu ditu Baso Biziak Plataformak
Agerraldian esan zutenez, “bizpahiru urte pasa dira hainbat udaletan basogintza eredu berriaren inguruko mozioak aurkeztu zirenetik. Guk mozio horiek jaso eta aztertu genituen 2021eko irailean, areto honetan bertan, ‘Udaletako mozioen gida’ osatuz, pentsatuz tresna baliagarria izango zela bide hori jorratu nahi zuen edonorentzat. Epe ertain horretan egindakoak eta egin gabekoak, hala nola, aurkitutako oztopoak zein garaipenak berrikustera gatoz gaur”. Balorazioa egin ahal izateko, mozioak onartu dituzten udaletara galdera batzuk bidali zituzten, “baina hainbatek ez dutenez erantzun, handik eta hemendik kideek emandako datuekin egingo dugu balorazioa”.
Orokorrean, onartutako mozioek beraien funtzioa bete dutela pentsatzen dute, “eta onartu ez diren udaletan monolaborantzak aurrera egin du, inongo oztoporik gabe, baita eukaliptoak landatuz ere”. Horrekin batera, herri askotan antolatutako Baso Biziak taldeetako herritarrek egindako lana eskertu nahi dute, “baita ere udalarekin mantendutako harremana eta tentsioa landaketak, lur erosketak, debekuak eta moratoriak bete zitezen. Herritarren presiorik gabe errezagoa egiten zaie erakunde publikoei beste alde batera begiratzea edota emandako hitza jatea”.
Hauteskundeak gertu daudela eta, Baso Bizien aldeko dinamiketan sartu diren hainbat herriri mozioak udaletxeko plenoan onartzeak herritarren aurrean urratsak ematera behartzen dituela gogorarazi nahi diete, “onartutakoa haizeak eraman ez dezan eta ez dadin itxurakeria berdea bihurtu”.
15.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte
Baso Biziak Plataforma osatzen duten 18 taldeek bertako zuhaitzen landaketak egin dituzte eta datuak ere eman zituzten: “2021-22ko landaketa denboraldian, 17 hektareatan, 18 espezietako 5.800 zuhaitz landatu genituen. Eta 2022-23an, 26 hektareatan, 22 espezietako 9.223 zuhaitz. Horrela, aurrera eramaten ari gara, behin eta berriz, gure proiektuak eskatzen digun praktika. Auzolanean, tokian tokiko bidelagunekin, izan udala bera, Foru Aldundia kasu batzuetan, edota Lurgaia Fundazioa, kasu gehienetan. Baita herri mailako beste eragile, elkarte, natur-talde eta hainbat enpresekin ere”.
Aurrera begirako proposamenetan, lurraldea herritarrentzat kapital estrategikoa dela nabarmendu nahi dute, “eta ezin dugu suntsitu epe laburreko onura pribatuen izenean. Apustu garbia egin behar dugu lurraldea Ondasun komun bihurtzeko, horrek dakarren potentzialtasun guztiarekin, eta argi izan behar dugu etorkizuneko belaunaldientzako bizi-asegurua dela”.
Plataformako kideen iritziz, baso-kudeaketa irizpide zientifikoetan oinarrituta egin behar da, “eta ez soilik produktiboetan”. Ildo horretan, zuhaitz autoktonoen landaketak lehenestea eta monolaborantzak zergapetzea, “sortzen duten kostu sozial eta ekologikoagatik” hobesten dute. Horrekin batera, basoa antolatzeko hiru maila proposatzen dituzte: kontserbaziorako basoak bultzatzea (korridore naturalekin, interes ekologikoko berdeguneekin...) eta onura ekositematikoak dakartzatenak (ura, lurra, biodibertsitatea, kultura, aisia...); hurbileko baso produktiboak bultzatzea, espezie autonomoekin eta landaketa monoespezifiko mugatuekin; eta baso jangarriak bultzatzea, fruta-arbolekin”. Jakin badakite ez dela erreza orain arteko inertziak eta interes forestalistak aldatzea, “baina Naturak berak, aldaketa klimatikoarekin batera, gogoeta sakona egiteko atakan jarriko gaitu”.