Udaltzaingoak bost patinete elektriko konfiskatu ditu Eibarren, espaloietan ibiltzeagatik

Bost kasuetan, agenteek ibilgailuak konfiskatu eta zigorrak ezarri dizkiete erabiltzaileei. Udalak ohartarazi du zorrotz jokatuko duela araudia betetzen ez dutenekin.
Udaltzaingoak bost patinete elektriko konfiskatu ditu Eibarren, espaloietan ibiltzeagatik
2026/10/29 12:39
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udaltzaingoak bost patinete elektriko konfiskatu ditu asteburuan, espaloietan eta oinezkoentzako guneetan zirkulatzeagatik. Udalak jakinarazi duenez, bost kasuetan esku hartu dute agenteek, eta erabiltzaileei dagozkien zigorrak ezarri dizkiete.

Jon Iraola alkateak adierazi duenez, patinete elektrikoen erabilera nabarmen ugaritu da azken urteotan, eta horrek oinezkoen segurtasuna eta espazio publikoaren erabilera bermatzeko neurriak hartzea eskatzen du. Herritarren kexa ugari jaso dituztela azaldu du, eta Udaltzaingoa egoera horiei erantzuteko lanean ari dela nabarmendu du.

Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasuneko zinegotziak, berriz, gogorarazi du debekatuta dagoela patinete elektrikoekin espaloietan, oinezkoentzako guneetan eta parkeetan ibiltzea. Horrelako jokabideek arrisku-egoerak sor ditzaketela ohartarazi du, eta udala Eibarko Trafiko Ordenantza berrikusten ari dela azaldu du, mugikortasun-behar berrietara egokitzeko.

Zinegotziaren arabera, patinete elektrikoen erabiltzaileek kaskoa erabili behar dute, eta asegurua izatea ere nahitaezkoa izango da laster. Horrez gain, Udalak zehapen-espedienteetako isunen zenbatekoak handitzeko asmoa duela iragarri du.

Udalak adierazi du patinete elektrikoen erabilera arduratsua sustatzen eta oinezkoen segurtasuna bermatzen jarraituko duela, mugikortasun-modu berriak eta herritarren arteko bizikidetza bateragarri egiteko.