Udaltzaingoaren burua ez berritzeko erabakian gardentasun falta salatu du EH Bilduk
Eibarko EH Bilduk kezka agertu du udaltzaingoaren aurreko burua ez berritzearen inguruan, baita alkateak erabaki hori justifikatzeko orduan erakutsitako argitasun faltagatik ere. Koalizio subiranistak prentsa ohar batean adierazi dutenez, arduraduna kargutik kentzeko arrazoiak haien erabakiak justifikatzeko eraiki duten kontakizuna besterik ez da. EH Bilduk azaldu duenez, alkateak azalpenak eman izana EH Bilduk otsailaren 23ko udal osoko bilkuran egindako eskaeraren ondorio dira. Modu berean, alderdiak aurretik hainbatetan informazioa eskatu bazuen ere, erantzunik jaso ez zutela adierazi dute.
Duela astebete baino gehiego Eibarko EAJ-PNV-k ere adierazi zuen bere desadostasuna erabakiarekiko eta erabakia modu unilateralean eta Udal Gobernu osoarekin aurrez adostu gabe hartu izana egotzi zion alkateari. Era berean, alkateak azken adierazpenetan erabilitako argudioa gaitzetsi zuten, hau da, Eibarrek “orain hobeto funtzionatuko duela etxeko aginte bat izango duelako”.
Aipaturiko osoko bilkuraren aurretik hedabideetan gobernu taldearen barruko kohesio faltaren irudi kezkagarria agerian geratu zela dio EH Bilduk. “Azkenean, alkateak udaltzaingoaren aurreko burua ez berritzeko erabakia bere eskumenen jardunean oinarrituta justifikatu zuen. Krisia itxuraz eta benetako konponbiderik gabe itxi dela salatu du alderdiak.
Astelehenean, otsailak 23, gauzatu zen osoko bilkura ateak itxita egin behar izan zela krisi horren erakusletzat jo dute. Publikoa aldi baterako kanporatuta eta kamerak geldituta egin zela azladu du alderdiak.
EH Bilduk aitortu du udaltzaingoa ez berritzearen arrazoiak eremu pribatukoak direla, eta ezin direla publiko egin. Bestalde, horregatik aldez aurretiko kudeaketa politikoa askoz zorrotzagoa izan behar zela uste du. “Horrelako gai batek bilkura publiko bat eten izana ez da irudi ona Eibarko Udalarentzat, eta ez dugu antzeko aurrekaririk gogoratzen”.
EH Bildutik nabarmendu dutenez, koalizio gobernu batek ez lituzke halako garrantzia duten erabakiak hartu behar aurretik Bozeramaileen Batzordean —indar politiko guztietako bozeramaileek parte hartzen duten batzordean— behar bezala landu eta komunikatu gabe. Alderdi subiranistaren ustez, espazio hori izan behar zuen gobernuaren erabakia gardentasunez azaltzeko gunea, eta ez zen horrela izan.
Modu berean, salatu dute, garrantzi handiko lanpostu batean jarraikortasunik ez egoteak agerian utzi duela gobernu taldearen kudeaketa eskasa. Kudeaketa horri aurretik gertatutako beste egoera batzuk gehitzen zaizkiela ere adierazi dute: “Plan Orokorraren lantaldeak 18 hilabete daramatza desagertuta, teknikariek haien lanpostua uztea, garrantzizko postuak teknikaririk gabe edo iraupen oso laburreko teknikariekin betetzea… gobernuaren funtzionamenduaren adibide argiak dira”.
Azkenik, gardentasunarekin, erakundeen arteko koordinazioarekin eta herritarrak erdigunean jarriko dituen politikarekin duen konpromisoa berretsi du EH Bilduk, eta azpimarratu du Udalaren egonkortasuna eta kalitate demokratikoa edozein alderdien arteko desadostasunaren gainetik egon behar dute beti.