‘Udazken anitza 2026’ egitaraua antolatu dute Eibarren, migrazioaz eta bizikidetzaz hausnartzeko

Eibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Urriaren 29tik abenduaren 18ra bitartean, hitzaldiak, literatur topaketak, informazio saioak eta kultur emanaldiak egingo dituzte Portalean eta Coliseoan.
‘Udazken anitza 2026’ egitaraua antolatu dute Eibarren, migrazioaz eta bizikidetzaz hausnartzeko
2026/10/26 12:34
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Migrazioaz, giza eskubideez eta kultura aniztasunaz hausnartzeko hainbat jarduera egingo dituzte Eibarren datozen asteetan, 'Udazken anitza 2026' egitarauaren barruan. Eibarko Udalak Gizarte Zerbitzuen Sailaren bidez antolatu du egitaraua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Egitarauak hitzaldiak, literatur topaketak, informazio saioak eta kultur emanaldiak bilduko ditu urriaren 29tik abenduaren 18ra bitartean. Jarduera gehienak Portalean egingo dituzte, eta azkena Coliseo antzokian izango da.

Programazioa urriaren 29an hasiko da, 18:30ean, Portalean, 'Mujeres y represión universitaria en Colombia' gaztelaniazko saioarekin. Azaroaren 4an, berriz, Amets Arzallus bertsolari eta idazlearekin elkartzeko aukera izango da, 19:00etan, 'Miñan' liburuaren inguruan euskaraz egingo duten solasaldian.

Azaroaren 5ean, SOS Arrazakeriako abokatu batek atzerritartasun tramiteei buruzko informazio saioa emango du, gaztelaniaz, 19:00etan. Hurrengo astean, hilaren 12an, 'Migración, islamofobia y convivencia: Ceuta como parte de la reflexión' hitzaldia egingo dute, migrazioaren, aurreiritzien eta bizikidetzaren arteko harremana aztertzeko.

Familientzako proposamen bat ere izango da azaroaren 28an. Eguerdiko 12:00etan, 'Zapatuko ipuinak' saioaren barruan, 'Euskal Herria Sahara' kontakizuna eskainiko dute Portalean, euskaraz.

Abenduaren 2an, 'Bidasoa 2018-2023' dokumentala proiektatuko dute Portalean, 18:30ean, eta ondoren solasaldia egingo dute euskaraz. Bidasoako mugaren inguruko errealitateak eta pertsona migratzaileen bizipenak izango dituzte hizpide.

Egitaraua abenduaren 18an amaituko da, Coliseo antzokian, 'No hay negros en el Tíbet Live Show' gaztelaniazko ikuskizunarekin. Saioa 19:00etan hasiko da.