Udazkenerako ikastaro eskaintza aurkeztu du UEUk
Udako Euskal Unibertsitateak udazkeneko ikastaro eskaintza aurkeztu zuen atzo (eguaztena, hilak 24). Urrian hasi eta abendura bitartean hamar ikastaro eskainiko ditu UEUk Eibarren. Mari Karmen Menika UEUko ikastetxe nagusiko arduradunak azaldutakoaren arabera, "bizialdi osoko ikaskuntzaren alorrean kokatzen dugu UEUren eskaintza, bertan 20-55 urteko pertsonek hartzen baitute parte". Horrekin batera, on line ikastaroen eskaintza zabaltzeko joerari jarraituko diote, "UEUren Irakaskuntza Telematikorako plataformaren bidez eta UEUren eredu pedagogikoa jarraituz".
On line egin daitezkeen ikastaroak hauek dira: Euskal Herriko ekonomia eta gizartea aztertzeko lanabesak. GIS librea, Euskal Herriko oroimen historikoa, GeoGebraPrim: eredu dinamikoak Lehen Hezkuntzan, Nola dinamizatu komunikazioa Moodlen eta Nola sortu eta saldu liburu elektronikoak. Eta ikasgelako eskaintza osatzen duten ikastaroak, berriz, beste hauek: Ahots-teknika ikastaroa II: kantua sentitu, jolastu, gozatu, Berrikuntza eta motibazioa, Emozioak eta norberaren gaitasunen lanketa sakontzen, Familia-harremanak eraikitzen eta Oinarrizko estatistika R software librearen bidez.
Ikastaroak egiten dituztenentzat diru-laguntzak daudela gogorarazi zuten aurkezpenean: Eibarren erroldatutakoei udalak matrikularen erdia ordainduko die eta bestela, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere laguntzak emango dizkie gipuzkoarrei. Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta epe hori ikastaro bakoitza hasi baino astebete lehenago amaituko da. Informazio gehiago jasotzeko edo matrikula egiteko www.ueu.org helbidera jo daiteke edo, bestela, 943 821426 telefono zenbakira deitu.