UEUk aditu eta profesional euskaldunen sarea indartzeko sare soziala sortu du

UEUk aditu eta profesional euskaldunen sarea indartzeko sare soziala sortu du
2026/02/12 14:04
Irati Alvarez Malaxetxebarria

‘Artizarra’ euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala sortu du UEUk. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzaz jarri dute martxan.

Sare sozial berriak UEUk kudeatzen duen Inguma komunitate zientifiko euskaldunaren datu-basea du abiapuntu. Ingumak azken lau hamarkadetan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen du; hau da, zer egin den eta nork egin duen jasotzen du.

Hala ere, Ingumak ez ditu komunitate horretako pertsonen arteko harremanak ahalbidetzen. Komunitate euskaldun hori saretu eta trinkotzeko sortu du UEUk Artizarra.

Inguma proiektua oinarri hartuta, UEUk Artizarra sare soziala abiatu du ikertzaile zein profesional euskaldunen arteko harremanak ahalbidetzeko, eta aldi berean komunitate zientifiko-profesional hori ezagutarazteko helburuarekin. Sare sozialean albisteak eta iritziak partekatu ahal izango dira, baita adituak topatu eta norberaren ekoizpena ezagutarazi ere.

UEUk jakinarazi duenez, milatik gora kidek osatzen dute dagoeneko Artizarraren komunitatea, eta interesa duten herritar guztiei bertan parte hartzeko gonbita luzatu diete.