Ulsaga jauregiko arkabuzaria ikusteko aukera dago Armagintzaren Museoan
Arkabuzariarekin batera, bisitariak Martin de Orbearen (Eibar 1591- Vélez-Málaga 1639) erretratua ikusi ahal izango du. Martin de Orbea 1627an Santiagoko Ordenako zaldun izendatu zuen eta 1631n Tierra Firmeko bost galeoien eta Nueva Españako flotaren almirante. Ziur asko Orbea-Echave familiak utzitako jauregi hartako bizilagunetako bat izango zen.
Piezaren zaharberritzea
Arkabuzaria, hareharrizko zatia, erliebe altuan dago landua eta balkoi nagusiaren eskuinaldean zegoen, XV. mendearen amaieran eraikitako jauregi errenazentista zaharraren fatxada plateresko baten erdian.
Jauregia 1902an eraitsi ondoren, pieza hori 1905ean eraikitako Geltoki kaleko zalditegi zaharren sarrerako atea eraikitzeko erabili zen. Elementu hori 2014an eraitsi zen, eta Mercedes Ayerbe Albizuri andreak eta César Gárate Ayerbe jaunak eman zioten Udalari, ate-zangoak eta ateburua osatzen zituzten gainerako harriekin batera.
Materialaren meteorizazioak eragindako gainazalaren degradazioa, ahultzea, materialik eza (hausturak) eta marruskadura-markak direla eta, zenbait gune jakinetan beharrezkoa izan da lehengoratzea. Horretarako, elementua garbitu behar izan da aldez aurretik, pH neutroa duten tentsioaktiboekin nahastutako urarekin, eta lan hori eskuzko sistemekin tartekatu da mortero-hondarrak ezabatzeko.