Uma Ulaziak greba feministen diskurtsoak aztertzen dituen liburua aurkeztuko du Andretxean
'Euskal Herriko Greba Feministak. Diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik' lana aurkeztuko du Uma Ulazia Zubeldiaren abenduaren 11n (eguena) Andretxean. Liburuak Euskal Herriko azken urteetako bi greba feministetan jartzen du fokua: 2019ko martxoaren 8koan eta 2023ko azaroaren 30ekoan.
Egileak bi mobilizazio horien gako nagusiak aztertzen ditu, baita horien inguruan sortutako ertz eta eztabaida ideologikoak ere. Diskurtsoen analisiaren bidez, Ulaziak feminismo idealistaren eta feminismo materialistaren arteko ezberdintasunak azaleratzen ditu, eta bi ikuspegi horiek greben barne-diskurtsoetan nola txertatzen diren azaltzen du. Ikerketak, halaber, marko idealista zein materialistak borroka feministaren ildo politikoetan dituen inplikazioak nabarmendu nahi ditu.
Egilearen hitzetan, liburua idealismo patriarkala gure ikuskera eta hizkeran nola zabaltzen den antzemateko ariketa da, eta borroka feminista-materialista indartzeko “ongarri” gisa planteatzen da.
Aurkezpena abenduaren 11n (eguena) 18:00etan izango da Andretxean, eta mugimendu feministaren bilakaerari eta eztabaida kolektiboei buruz elkarrekin hausnartu eta eztabaidatzeko aukera izango da.