Umeek ikastolara joateko autobusa hartu dute, begiraleen greba amaituta
Azken egunotan gurasoen automobiletan ikastolara atzera aurrera ibili diren umeek normaltasunez hartu dute eskolara joateko autobusa gaur (eguaztena, hilak 5). Urtarrilaren 27az geroztik greba mugagabean zeuden eskola garraioko begiraleak, euren lan baldintzak hobetzeko borrokan eta, grebaren eraginez, umeak eskolara joateko garraio zerbitzu barik egon dira egunotan, arazoa noiz konponduko zen zain. Astelehen arratsaldean Eusko Jaurlaritzarekin bildu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola garraioko begiraleen ordezkariek eta enpresek eta bertan akordiorako oinarria hitzartu zuten. Akordioa hitzartu eta berehala, bertan behera geratu zen greba deialdia. Lan gatazkak eskola publikoetan zerbitzua ematen duten enpresetako 500 bat behargini eragiten die eta grebaren ondorioz 15.000 ikasle inguru geratu dira egun hauetan autobusean ibili ezinda.