Unbeko atletismo pistari Asier Cuevas izena ipiniko diote

Unbeko atletismo pistari Asier Cuevas izena ipiniko diote
2015/09/18 00:00
eta kitto!
Udalak gaur (barixakua, hilak 18) ohar baten bitartez aditzera eman duenez, 'Asier Cuevas' izena ipiniko diote Unbe kirolguneko atletismo pistari. Udalak modu horretan omendu nahi du aurreko asteburuan Holandako Winschoten herrian 100 kilometroko lasterketan mundu mailako txapeldunorde geratu zen atleta eibartarra eta, horrekin batera,
"Eibarko korrikalari handi horrek kirol munduan egin duen ibilbide oparoa eskertu" nahi diote. Miguel de los Toyos alkateak proposatuta egingo diote aitortza, "Udaleko Gobernu taldeak gainerako alderdi politiko guztiei eta Eibarko Klub Deportiboari asmoa azaldu eta denek asmoa gogo onez hartu eta gero".
Plaka-jartzeko ekitaldia irailaren 29an izango da, 19.00etan Unbeko Kirolgunean eta, omenduaz gain, Udaleko eta Eibarko Klub Deportiboko ordezkariak egongo direla aurreratu dute.