Uni Encounter topaketaren XXI. edizioa martxoaren 20tik 22ra egingo da Eibarren
Uni Encounter teknologia topaketaren XXI. edizioa martxoaren 20tik 22ra bitartean egingo da Eibarren. Jardunaldia Uni Eibar zentroan izango da (Otaola hiribidea 29), areto-futboleko zelaian, eta sarrera doakoa izango da.
Antolatzaileen esanetan, Uni Encounterrek helburu bikoitza du: teknologiarekiko interesa sustatzea eta informatikaren, sormen digitalaren eta berrikuntzaren inguruan topagune ireki bat eskaintzea.
Topaketa barixakuan hasiko da, martxoaren 20an, 16:00etan, eta domekan amaituko da, martxoaren 22an, 17:00etan. Hiru egunetan zehar, informatikarekin, teknologia berriekin eta entretenimendu digitalarekin lotutako jarduera ugari eskainiko dira.
Ekitaldia Uni Eibar-Ermua ikastetxeak antolatzen du, eta Eibarko Udalaren babesa du, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bidez. Antolatzaileen arabera, topaketak dibulgazioa, prestakuntza eta aisialdia uztartzea du helburu, teknologia berriekiko interesa duen publiko zabalari zuzenduta dago.
Egitarauak bi zati izango ditu: alde batetik, hitzaldiak eta tailerrak, eta bestetik, jarduera ludikoagoak. Besteak beste, zibersegurtasunari, adimen artifizialari eta web teknologiei buruzko hitzaldiak antolatuko dira.
Aldi berean, parte-hartzaileek Lan Party izeneko topaketan parte hartu ahal izango dute; bertan, hainbat lagun elkartuko dira euren ordenagailuekin bi egun igarotzeko. Horrez gain, bideojoko eta eSporten txapelketak egingo dira kontsola, mugikor eta ordenagailuen bidez.
Aurtengo berrikuntzen artean, EuskalJam3 bideojokoen garapeneko erronka nabarmendu dute. Jarduera horretan parte-hartzaileek bideojoko bat sortu beharko dute, bakarka edo taldean, denbora mugatu batean.
Bestalde, 3D inprimaketari eskainitako gunea jarriko dute martxan, eta ekintzailetza gunea ere egongo da, proiektu teknologiko bat garatu nahi dutenentzat orientazioa eskaintzeko.