Untzagako etxe-dorreko arkabuzaria museoan dago ikusgai dagoeneko
Ignacio Zuloagaren koadrorik famatuenetako batean edo Indalezio Ojangurenen hainbat argazkitan ikus daiteke jauregiaren fatxada hori, eta baita arkabuzaria bera ere. Orbeatarren jauregia edo Dorre Zaharra XV. mendearen amaiera aldean eraiki zen eta 1902. urtean bota.
Arkabuzariaren zati hori Estaziño kalean 1905ean eraikitako zalditegi zaharraren harrizko sarrerako atea egiteko erabili zen. Atea 2014. urtean eraitsi zen eta elementu hura, dohaintza bidez, Udalaren eskuetan utzi zuten, ate-zangoak eta ateburua osatzen zituzten beste harri batzuekin batera.
Ateak neurri hauek ditu: 59 cm luze, 32 cm sakon eta 99 cm altu eta 250 kilo inguruko pisua, eta zaharberritze-lanean, adituek hala gomendatuta, ez ziren berreraiki piezari falta zaizkion zatiak (sudurra, bibotearen zati bat, bekoki zati bat eta atzamar bat).