UPV/EHU Ikasgela aurkeztu dute
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Iñaki Goirizelaia EHU-ko errektoreak eta Alejandro Bengoa IK4-Teknikerreko zuzendari nagusiak UPV/EHU Ikasgela aurkeztu dute gaur goizean (barixakua, hilak 17). Ekitaldian IK4-TEKNIKERek eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarren arteko lankidetza sustatzeko hitzarmena sinatu dute
UPV/EHU Ikasgela IK4-TEKNIKERen dago, Eibarko Azitaingo industrialdean eta, gaurko aurkezpenean azaldutakoaren arabera, "ikerketa zein teknologia alorretan dihardutenek, baita unibertsitate kanpokoek ere, ikaskuntzarako, irakaskuntza eta ikerketa bultzatzeko eta UPV/EHUren bibliografia-baliabideetarako eta formatu elektronikoko informaziorako sarbidea edukitzeko gunea izan dezaten dago pentsatuta". Helburua lankidetzan egindako ikerketa bultzatzea da eta ekimenak oso harrera ona izan du. Gaur egun 26 doktoregaik dihardute doktore-tesian beharrean IK4-TEKNIKER-eko instalazioetan eta euretako baten, Material Aurreratuen Ingeniaritza-doktoradutza egiten diharduen Borja Coto Fisika lizentziatuaren berbetan, "UPV/EHU Ikasgelari esker, IK4-TEKNIKER-etik mugitu barik, beharretik irten eta Unibertsitatera joateko aukera daukagu".