Ur azpiko irudirik ikusgarrienak proiektatuko dituzte Coliseon, CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloan
Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa Donostian antolatzen duen David Sanchezen berbetan, “ozeanoak eta natura maite dituztenak liluratuko dituen programazio zirraragarri bat prestatu dugu. Sarrera doakoa da, eta mundu guztia gonbidatuta dago munduko argazkilari eta bideografo onenak biltzen dituen esperientzia paregabe honetan parte hartzera”.
Proiekzioak eguaztenean, eguenean eta barixakuan izango dira, 19:00etan Coliseo antzokian. Barixakuan, gainera, Fernan Calvo eibartarrak, Nerea eta Xavi lagunekin batera grabatutako lehen dokumentala, Hiru Itsasargi izenburukoa estreinatuko dute: 37 minutuko iraupena du lanak, eta egileen berbetan, “50 urte bete eta itsasoari begi nerabeekin begiratzen dioten hiru pertsonaren istorioa da hau. Felix Rodriguez de la Fuente eta Jacques Cousteauren dizipuluak eta miresleak dira. Lurra eta itsasoa, gastronomia eta bizitza ona maite dituzte. Egun batean, Euskal Herriko leku eder batean, mahai baten inguruan eserita, onddo nahaste bat, bakailao bat pin pin erara eta txakolin botila batzuk dastatu ondoren, gora etorri eta dokumentalista zientifiko, batzarkide eta urpekari bihurtzea amesten dute. Horretarako, OLATUA abenturaren arima dute, Mediterraneoan nabigatzera eramango dituen belaontzia. Hau da Nerea, Fernan eta Xavi eta hiru itsasargien istorioa”.
Txikiziklo itsaspekoa
Bestalde, ikastetxeekin ere egiten dute lan: “CIMASUBek hezkuntzarekin eta ingurumen-kontzientziarekin duen konpromisoa Itsaspeko Txikizikloan islatzen da, 2023an Gipuzkoako lehen hezkuntzako 2.500 ikasle baino gehiago inplikatu dituen hezkuntza-itzulian. Programa honen helburua da ozeanoen kontserbazioa sustatzea eta haurrek itsasoa inguratzen duen guztiari buruz duten pertzepzioa sustatzea, bisitatzen gaituzten ikastetxeetako haurrei esperientzia paregabea eskainiz”. Eibarko bost ikastetxek egin dute bat ekimenarekin: Urkizu, Arrateko Andra Mari, Aldatze, La Salle eta San Andres. Bertan ikasten duten 10-12 urte bitarteko 200dik gora umerentzat saioa abenduaren 13an egingo dute, 10:00etan. Eta, horrez gain, familientzat saio berezia antolatu dute abenduaren 16rako, 12:00etan. Gainera, proiekzioetara joaten den jendearen artean hainbat opari zozketatuko dituzte antolatzaileek.