Urban sketch topaketa antolatu dute maiatzaren 16rako Eibarren

Urban sketch topaketa antolatu dute maiatzaren 16rako Eibarren
2026/04/22 11:36
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Artisten Elkarteak urban sketch topaketa antolatu du maiatzaren 16rako, zapaturako, hiriko hainbat gune marraztu eta margotzeko helburuarekin. Jarduera egun osokoa izango da, eta parte-hartzaileek Eibarko txoko esanguratsuak ezagutzeko aukera izango dute artearen bidez.

Topaketa 10:00etan hasiko da tren geltoki inguruan, eta bertatik abiatuta parte-hartzaileek ingurua marraztu eta margotuko dute. Ondoren, Ibarkurutze iturria, Coliseo antzokiaren ingurua eta Errebal plazako merkatua izango dira jardueraren hurrengo geldialdiak.

Eguerdian, 14:00ak aldera, bazkaria egingo dute Untzagako Jubilatuen Etxean, udaletxearen parean. Menuak 15 euroko prezioa izango du (kafea barne), eta interesdunek aurrez izena eman beharko dute.

Arratsaldean, 16:00etan, parte-hartzaileek Eibarko Armagintzaren Museoa bisitatzeko aukera izango dute, doan eta Eibarko Udalaren laguntzari esker, bertan marrazkiak egiteko.

Jardunaldia 18:00etan amaituko da talde-argazki batekin. Antolatzaileek adierazi dute interesa dutenek lehenbailehen eman behar dutela izena, bereziki bazkarirako. Horretarako, WhatsApp bidez jar daiteke harremanetan 626 127 248 (Santi) edo 657 727 157 (Josevi) telefono zenbakietan.

Antolatzaileek, halaber, proposamenak jasotzeko prest daudela azaldu dute.