Urbat waterpolo taldeak Eneko Treviñoren Poble Nou izan zuen aurkari
Waterpoloko 2. Maila Nazionalean jokatzen duen senior mailako Urbateko lehen taldeak jakin izan zuen aurre egiten liderrari Donostian jokatutako azken jardunaldian. Hala ere, Davide Cerchiren taldeak amore eman behar izan zuen Poble Nouren aurrean (7-11). Lehen laurdena amaituta eibartarrek bakarrik 3-4 galtzen zuten; bigarreneko 1-5 partzialak, baina, neurketa erabaki zuen. Hala ere, bigarren zatiko etxekoen aldeko 3-2ko partzialak Urbatek maila eman zuela erakusten du. Gainera, taldeak aprobetxatu zuen gazte batzuei eta bigarren taldekoei lekua emateko.
Poble Nou aurkariak lehen fase ezinhobea osatu du, jokatutako partidu guztiak irabazita. Eneko Treviño eibartarra da taldeko kapitaina eta, horren harira, partidua hasi aurretik Urbatek omenaldia egin zion bere jokalaria izandakoari.
Lehen fasea amaitzeko azken partidua etxean jokatuko du berriro Urbatek, Donostiako Paco Yoldi igerilekuan, oraingoan Badia talde kataluniarra bisitari dutela; eibartarran asmoa da partidua irabazi eta, Alcorcon aurreratuz, sailkapeneko azken postua lagatzea.