Urkari talde eibartarrak Heavy Metal Festa eskainiko du zapatuan Chic tabernan

Heavy eta rock estiloko abestiak egiten dituzte, eta Walter Tuzzeoren omenezko kontzertuan emanaldi bikaina eskaini zuten
Urkari talde eibartarrak Heavy Metal Festa eskainiko du zapatuan Chic tabernan
2024/10/22 19:02
eta kitto!

Zapatu honetan, urriak 26, arratsaldeko 20:00tik aurrera, Calbetonen dagoen CHIC tabernan kontzertua eskainiko du Eibarko Urkari taldeak.

Taldekideek esan digutenez, “Heavy Metal Festa deitu diogu egiten dugun emanaldiari, hain zuzen ere musika mota hortako abestiak egiten ditugulako. Batez ere abesti klasikoak, ezagunak jorratzen ditugu. Labur esanda, berbena heavy antzeko bat litzateke. Nahiz eta jakin inguruko jende askori heavy/rocka gustatzen zaiola, estilo honetako abestiak Eibarko taberna batean entzutea azken urteetan oso gertakari arraroa bilakatu da. Ia ba, gure aldetik, tarte batean bada behintzat, hutsune hori betetzen saiatuko gara, ahal dugun neurrian jendeari primeran pasaraziz".

Urkari taldea Aitor Markina (ahotsa), Xabier Paguey (kitarra), Andoni Bilbao (kitarra), Aitor Izurieta (bateria) eta Josu Agirrek (baxua) osatzen dute. Legarreko lokaletan ensaiatzen dute, eta bertako elkarteak irailaren 28an Untzagan antolatu zuen Walter Tuzzeoren omenezko jaialdian parte hartu zuten.