Urko Egaña oñatiarra eta Arrate Gisasola eibartarra dira San Andres bertso-paper lehiaketako irabazleak
2023/11/17
10:43
eta kitto!
San Andres bertso-paper lehiaketak baditu irabazleak. Aste honetan aukeratu ditu epaimahaiak aurtengo lehiaketako irabazleak. Helduen mailan Oñati aldera joan da aurtengo lehenengo saria. Urko Egaña izan da irabazlea "Belar moztu berria" bertso-sortarekin. 300€ eta txapela irabazi ditu. Eta bigarren saria, berriz, Arrate Gisasola eibartarrak bereganatu du, "Amama ekingo al diogu" izeneko bertsoekin. 250€ eta plaka eramango ditu. Eta 16 urtetik beherakoen mailan, berriz, lehenengo bi sariak Juan Antonio Mogel ikastetxera joan dira. Julen Blasco Azpeitiak jantziko du irabazlearen txapela eta Peru Sasieta Chimenok jasoko du bigarren sailkatuaren plaka.
Sarituek gaur zortzi, azaroak 24, …eta kitto! Euskara Elkarteak Coliseon antolatuko duen bertso-jaialdian jasoko dituzte sariak. Ekitaldia 20:00etan hasiko da eta behin sariak banatuta ekingo zaio bertso-saioari. Primerako seikoteak jardungo du nor baino nor Jon Mikel Mujikaren esanetara: Unai Iturriaga, Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia eta Unai Agirre. Sarrerak ordubete lehenago (19:00) jarriko dira salgai Coliseoko leihatilan (8€).