Urriaren 5ean ospatuko da …eta kitto! Euskara Elkartearen jaia, lehengo “Sagardo Eguna”

Azken urteetakoei jarraituz, goiz eta arratsaldeko saioetan banatuko da 29. edizio hau ere, eta berritasunik ez da faltako
Urriaren 5ean ospatuko da …eta kitto! Euskara Elkartearen jaia, lehengo “Sagardo Eguna”
Anartz Mitxelena eta Ekaitz Juaristi ...eta kitto! Euskara Elkarteko zuzendaritzakideak aurtengo kartelarekin
2024/09/25 19:57
eta kitto!

Ohikoa den bezala, urriko lehen zapatuan ospatuko da …eta kitto! Euskara Elkartearen jaia, lehengo “Sagardo Eguna”. Izen aldaketa euskara elkartearen gizarteratze kanpainarekin lotuta dago. Elkartetik diotenez, “urte hasieran ekin genion gure elkartearen gizarteratze kanpainari. Helburua da herritarrek elkartea hobeto edo gehiago ezagutzea, zer den, zeintzuk diren bere balioak, zer egiten duen eta zertarako. Asmo horren haritik etorri da iaz arte Sagardo Eguna moduan ezagutzen genuen ekitaldiaren izen-aldaketa. …eta kitto!.ren jaia izango da hemendik aurrera”. 

Urriaren 5ean ospatuko den ekitaldiak, hori bai, ohiko helburuei eutsiko die, hau da euskal giroa sustatzea, euskaraz berba egiteko espazioak sortzea, herriko giroa piztea… eta horrez gain, …eta kitto!-tik diotenez, “orain arte sagardoaren mundua zabaldu eta euskara plazara ekarri nahi izan dugu; aurten, kontzeptua aldatu egingo dugu eta sagardoaren ordez, gure herriko komunitate euskaltzalea izango da protagonista nagusia, eta horren erreferente ikusgarriena …eta kitto! Euskara Elkartea”.

Azken urteetakoei jarraituz, goiz eta arratsaldeko saioetan banatuko da 29. edizio hau ere: eguerdiko 12:00etatik 14:30era arte lehenengoa eta 19:00etan hasi eta sagardoa agortu arte bazkal ostekoa. Aurten Bereziartua, Lizagasar, Zabala, Saizar eta Oyarbide-Zabalegui sagardotegietatik ekarritako sagardoa dastatzeko aukera izango da. Tiketak 10 eurotan salduko dira (edalontzia + zapia + pintxoa), eta pintxoa soilik nahi dutenentzat 2 euroko tiketak egongo dira. 

Auzolana da sagardoaren inguruko jai honen bereizgarrietako bat; izan ere, 70 lagunen bueltan ibiltzen dira eguna antolatzen eta egunean bertan lan egiten: …eta kitto! Euskara Elkarteko bazkideak, elkarte gastronomikoak, berbalagunak…

 

Zaloa Urain izango da aurtengo omendua

Goizeko saioa eguerdiko 12:00etan zabalduko da eta, txotx egitearekin batera, euskaltzaletasunari eskainitako saria jasoko du Zaloa Urain musikariak: “Euskarari eta euskal kulturari egiten dien ekarpen handiagatik; musikari, hezitzaile eta euskaltzale moduan, Eibarren eta Eibarko mugetatik harantz. Konprometitua, eskuzabala, ausarta, eragilea… Zaila da Zaloa hitz bakarrarekin definitzea. …eta kitto!-rekin harreman estua izan du gaztetatik, gaur egunera arte iristen dena. Ondo merezitako saria jasoko du”, diote elkartetik.

Musika Eskolako Marisol Arrillagaren taldeko trikitilariek eta Asier Osoro txalapartariak girotuko dute eguerdia. Gainera, sagardoa egiteko prozesua bertatik bertara ezagutu nahi duenak dolarea izango du ikusgai (sagarrak prentsatu eta ekoizteko tresna), eta, nola ez, kirikoketarekin sagarrak txikitzeko aukera izango da.

Aurtengo berritasun moduan, Patxangoi elektrotxarangak girotuko du iluntzea, eta egun osoan Photocolla egongo da. Aurten ere argazki-lehiaketa antolatu da. Parte-hartzea oso erraza izango da: Instagrameko @gaztekitto kontua jarraitu, zure argazkiak igotzerakoan #sagardoetakitto traola erabili eta @gaztekitto etiketatu.

Egunaren bigarren zatian, arratsaldekoan, luxuzko asteburua zozketatuko da tiket-salmenta puntuan, 20:00 bueltan. Rifak salgai daude oraindik ere euro batean hainbat tokitan eta egun horretan ere han izango dira, azken aukera hori aprobetxatu nahi duenarentzat. Oraingoan asteburu hori Gasteizen izango da: Hotel Silken Ciudad de Vitorian bi lagunentzako gaua eta armosua; afaria Gasteizko El Portalon jatetxean; bisita gidatua Santa Maria katedralera eta Andra Mari zuriaren dorrera; eta degustazio menua Andere jatetxean.