Urtarrilaren 27an Gernika-Lumon ospatuko den Bertso Egunerako sarrerak salgai daude
2024/01/04
18:03
eta kitto!
Bertso Eguna urtarrilaren 27an izango da, Gernika-Lumon, eta Bertsozale Elkartea eta Lilibertso bertso-eskola egun osoko egitaraua ari dira prestatzen elkarlanean. Goizeko 10:30ean dute bertsozaleek hitzordua Muxikan, Ariatzan. Ondoren, 12:00etan, Astra aurrean elkartuko dira zaleak, eta lurralde ezberdinetako bertso-eskolak tabernaz taberna arituko dira, ibilbidea osatuz. Bazkaria 15:00etan izango da, Astran, eta 17:30ean hasiko da eguneko bertso jaialdia: Amets Arzallus, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza arituko dira. 35 euroren truke lortu daitezke bazkarirako eta jaialdirako, bietarako balio duten sarrerak, bertsosarrerak.eus atarian. Aurreratu dutenez, “ondoren, gauean ere izango da festa jarraitzeko aukerarik, eta egitaraua biribiltzeko lanetan ari gara”.