Usartza Txistulari taldeak antolatuta, Eibarko IV. Txistu eguna ospatuko da zapatuan
Zapatu honetan, apirilak 27, Usartza Txistulari taldeak antolatuta, Eibarko IV. Txistu eguna ospatuko da Eibarren. "Azken urte hauetan egin dugun bezala, Eibarko auzoak eta kaleak txistuaren musikarekin beteko ditugu", adierazi digute Usartza Txistulari Taldekoek. Aurten, Eibarko taldeaz gain, Elgoibar, Ermua, Deba, Ondarru eta Bilboko txistulariak egongo dira. Guztira 50 bat txistulari bilduko dira. Arratsaldeko 17:00etan Untzagan elkartuko dira eta jarraian talde bakoitza auzo ezberdinetara abiatuko da txistuaren doinuarekin kaleak alaitzera.
Auzoetatik ibili ondoren, 19:00ak inguruan, txistulari guztiak Untzaga plazan elkartuko dira eta, argazki batzuk egin ondoren, erdiko kaleetatik kalejira egingo dute 21:00ak arte.
Eguraldi euritsua balitz, kalejira egin beharrean, Untzagako arkupe ezberdinetan, Toribio Etxebarria kalean eta Errebalen jotzeko asmoa azaldu dute.
Txistua bizirik mantentzeko lanean
Txistulari Eguna herri askotan ospatzen da txistulariak elkartzeko eta txistuaren doinuak zabaltzeko. "Gaur egun, Euskal Herri osoan txistulari kopurua jaisten ari da, eta ez gaude momentu onena pasatzen", diote. Zentzu horretan, Usartza Txistulari Taldeko kideak Eibarren hainbeste urtetan lortutako harrobia mantentzen eta gehitzen saiatzen dira. "Txistua Euskal Herriko instrumentu garrantsitsu bat da eta ezin dugu galtzen utzi", esan dute.
Zapatuko emanaldiarekin txistua kalean ikusteaz gain, gurasoak eta umeak animatu nahi dituzte txistua ezagutzeko eta "denon artean Euskal Herriko kulturaren zati bat mantendu eta disfrutatzeko".