Ustekabekoek Donostiako danborradan joko dute gaur estreinekoz
Gaur gauean Ustekabe fanfarreak Donostiako danborradan parte hartuko du estreinekoz, gauerditik aurrera 3 orduz Altzo auzoko danborradetako bati Sarriegiren doinuak jartzen. Aurretik ere Donostiako danborradan parte hartzeko aukera izan dute Ustekabekoek, baina partaideen agendek ez diete gaur arte horretarako tarterik eman. Ustekabetik adierazi dutenez, "doinu gehienak ezagunak egingo zaizkigu, izan ere 2001. urteaz geroztik Eibarko Umeen danborradan jo izan dugu eta, gainera, Ustekabeko kideetako asko Cielito Musika Bandako kide ere badira".
Diana, Retreta (Pasodoble de Tambores), Idiyarena, Polka de Tambores, Donostiako Martxa edo
Tatiago modukoak denek ezagutu arren, baina, Donostian badira gure herrian jotzen ez diren hainbat kantu, hala nola, Oilar Zaldieriaren Konpartsa (Comparsa de Caballería de Gallos) edo
Atso Zaldieriaren Konpartsa (Comparsa de Caballería de Viejas) eta beste kasu batuetan, berriz, erabiliko dituzten partiturak ez dira izango Eibarren erabiltzen dituzten berberak. Hori dela eta, emanaldi honetarako, beste batzuetan egiten dutenari jarraituta, bereziki prestatu dituzte hainbat kantu.
Ustekaberen azken emanaldia abenduan izan zen, merkatari eta tabernariek antolatutako gabonetako kalejiran. Halaber, Ustekabekoek Aratosteetarako prestatzen dihardute. Gaur egun 16 gaztek (gehienak eibartarrak) osatzen dute Ustekabe fanfarrea eta perkusioa, tronboia, bonbardinoa, tronpeta, saxofoi altua eta tenorra eta klarinetea jotzen dituzte.