"Wangari neska arbola" umeendako ikuskizuna zapatuan
Bihar arratsaldean (zapatua, hilak 4), 17.00etatik aurrera Wangari neska arbola umeendako ikuskizuna eskainiko du Karlik Danza Teatro taldeak Coliseoan (6 euro). Ikuskizunak ia ordubete iraungo du eta, dantza eta antzerkia uztartuta, Afrikaraino bidaiatzeko aukera emango die ikusleei: "Basozain batek sute baten harira erabat kiskalita gelditu den paisaiaren aurrean jasotako porrota onartzeari uko egiten dio. Behin Wangari Maathai izeneko Emakume Arbolari kontatzen entzun zion elezaharra gogoratzen du; kolibri umilaren alegia, basoko garren laztasunaren gainetik bere mokoarekin ur tanta eramaten jarraitzen duen txori txikiaren istorioa. Izan ere, bere txikitasunean txoriak sua amatatzeko bere esku dagoen guztia egiten duela kontatzen duen istoriotik abiatuta, Nyerira gerturatzen joango dira, Afrikaren bihotzean dagoen Kikiyu izeneko herrira ailegatu arte. Kenia mendiaren begirada sakratuaren babesean dagoen herri horretan Wangari Maathai umeak bere lehen pausuak ematen ditu, Lurraren edertasunaz ohartzen da eta bizitzaren zein heriotzaren zikloak antzemango ditu. Bere amarengandik hazien eta uzten boterea ezagutuko du eta bere amonarengandik landatutakoa hazten ikusteko behar den pazientzia edukitzen. Baina gainera diruak eta interesak Lurra zauritzen dutela ere ohartuko da…".
Cristina D. Silveirak zuzendutako lan honetan dramaturgiaren arduraduna Itziar Pascual da eta antzezleak, berriz, Elena Sanchez, Cristina Perez, Elena Lucas eta Amelia David dira.