XIV. Lore, Landare eta Zuhaitzen Azoka egingo da zapatu goizean Urkizun
Eibarko Udalak eta Dekolore landareen inguruko dibulgazio-elkarteak antolatuta, zapatuan XIV. Lore, Landare eta Zuhaitzen Azoka egingo da Urkizuko parkean, 10:00etatik 14:30era. Hamalau ekoizlek hartuko dute parte azokan eta, beste batzuetan bezala, mota guztietako landare eta lore naturalak ikusi eta erosi ahal izango dira bertan: fruta-arbolak, arrosa-landareak, zuhaixkak, barruko landareak, sasoikoak, usaintsuak, baratze-landareak, kaktusak eta beste batzuk. Erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako haziak eta belarrak ere egongo dira, kosmetika naturaleko produktuak, eta artisautza, hala nola lore prentsatuekin egindako koadroak, lore-motiboak dituzten bitxiak, edo banbuzko oinarrietan kapsulatutako lore lehorrez egindako bitxiak.
Bestalde, azokaren helburuetako bat landareen zaintzari eta erabilerari buruzko informazioa zabaltzea denez, haurrendako bi tailer eskainiko dira: prentsatutako loreen tailerra (11:30etik 12:30era) eta landatzen ikasteko tailerra (12:30etik 13:30era).
Edizio honetan parte hartuko duten ekoizleak hauexek dira: Zunoyar Lorategia, Oiartzungoa (barrurako, apaintzeko eta bildumarako landareak); Viveros Belar, Zaldibarkoa, Islaya, Oiartzungoa (kaktusak eta landare zukutsuak); Ortuberri, Iurretakoa (baratze-landarea eta lore-landarea); Urtinea, Usurbilgoa (barrurako landarea, apaintzekoa eta sasoikoa); Aritzkurengo Tienduka, Nafarroakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Javier Beaskoetxea, Iurretakoa (moztutako loreak, lore lehortua, kaktusak eta landare zukutsuak), Lore Prentsatua, Donostiakoa (lore prentsatuak, lore lehorrekin egindako koadroak); Hazi Ekologikoak, Lasartekoak (erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako hazi eta belarrak); Sojo Natura, Lekunberrikoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Sara Letamendia, Aizarnakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Flores Ganchillo, Nafarroakoa (lore-motiboak dituzten bitxiak); Tissus Artisautza, Atxondokoa (lore lehor kapsulatua); eta L’Atelier de Su, Berastegikoa (moztutako loreak, lore lehorrak, lore-lanak, kokedamak).