XXX. Eibarko Kirol Sariak abenduaren 31n banatuko ditugu

Ekitaldia Coliseo antzokian egingo da, 12:00etan, eta sarrera doakoa eta librea izango da
XXX. Eibarko Kirol Sariak abenduaren 31n banatuko ditugu
2024ko Eibarko Kirol Sarien irabazleak.
2025/12/29 16:59
Ekhi Belar Errasti

Gabon Zahar egunean, abenduaren 31an, XXX. Eibarko Kirol Sariak banatuko ditu ...eta kitto!-k. Bertan, kirol-modalitate bakoitzean izendatutako kirolariek euren saria jasoko dute eta aurten 32 banatuko dira guztira. Ekitaldia 12:00etan hasiko da eta sarrera librea eta doakoa izango da. Beraz, gonbidatuta zaudete; eta joan ezin baduzue, lasai, gure YouTubeko kanalaren bitartez zuzenean jarraitu dezakezuelako.

Aurtengoa 30. edizioa izanik, zerbait berezia egiten saiatu gara eta berritasunak prestatu ditugu: aurkezle berriak izango ditugu, saioa dinamikoagoa izango da, une barregarriak biziko ditugu eta baita hunkigarriak ere... San Silbestre lasterketarako berotzeko aproposa izango da!

Berritasun nagusiena, ostera, Publikoaren Saria izango da. Gure webgunearen eta sare sozialen bitartez botoa emateko aukera izan duzue azken asteetan eta sari honen lehen irabazlea Arrate Gutierrez izango dela erabaki duzue. Ia bizitza osoa darama kirolean Arratek eta urte hauetan egindako guztia eskertu nahi izan dio horrela jendeak.

Sari Nagusia, ostera, Mikel Lizarraldek eramango du. Kirola egiteaz gozatzea da gehienek bilatzen dutena eta pasio hori besteei zabaldu ahal bada, hobe. Mikelek gauza bi horiek betetzen ditu. Kirola egiteak eskaintzen digunari beste dimentsio bat eman dio eta esklerosi anizkoitzarekin kirolaz gozatzea, posible ez bakarrik, onuragarria ere badela erakutsi digu. Gainera, ikus-entzunezkoen bitartez, kirolarekiko duen ikuspegia maisuki aurkeztu digu. Horren adibide da ‘Zazpi’ dokumentala.