MIKEL LIZARRALDE: “Ideiak ordenatzeak eta norbere bizipenei hitzak jartzeak asko laguntzen du”
300 kilometro inguru eta zazpi tontor, Euskal Herriko probintzia bakoitzeko altuena, bere historia kontatzeko. Mikel Lizarralderen historia. Orain dela ia zazpi urte esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten eta bizitza irauli zitzaion eibartar baten historia. Mendian igarri zuen gertatzen zitzaiona eta mendian aurkitu du, besteak beste, gertatzen zaion horri aurre egiteko tokia.
Mikel Lizarralde herrikideez inguratu da Zazpi dokumentala egiteko. Pello Osoro izan du bidailagun (baita Iñaki Osoro eta beste lagunen bat ere tarteka) eta irudiak grabatzen, Maite Arroitajauregik jarri die musika irudiei eta Haritz Letek landu du ikus-entzunezkoaren soinua. Lan berezi onek sari bikoitza jaso du: lehena, Mendifilm jaialdian proiektatzeko aukeratua izatea; eta bigarrena, jaialdian bertan Euskarazko Pelikula Onenaren Saria jasotzea.
Orain dela ia sei urte egin genizun elkarrizketako lehen galderarekin hasiko dugu hau ere: hemen eta orain, zer moduz zaude?
Hemen eta orain, ondo nago. Bihar ez dakit eta ez diot arretarik ematen ere, baina hemen eta orain ondo. Horrekin jada pozik.
Eta azkeneko asteetan dokumentalaren proiekzioarekin eta saria jasotzearekin bizi izan duzunarekin?
Iñaki Peña Bandres medikuak eta ‘Mendian hil, hirian hil’ lanarekin Mendifilm jaialdian Euskarazko Pelikula Onenaren Saria jaso zuenak esan zidan Mendifilmen parte hartzea 8.000 metroko mendi batera igotzearen parekoa zela. Beraz, bertan parte hartzea izan zen nire zortzimilakoa eta Berriako Ramon Olasagastik izenburu hori jarri zion Zazpi-ren inguruan egin zuen erreportajeari. Bertan parte hartzea ikaragarria izan zen, ba irabaztea oraindik eta gehiago. Parte hartzea ere ez nuen espero. Nire mugarria dokumentala aurkeztea zen, kitto, hor amaitzen zen. Ez nuen uste gero zerbait etorri zitekeen, eta munduko apaltasun osoz esaten dut. Enpresa-ikasketak egin ditut, ez dakit dokumental bat egiten. Agian bideo labur bat bai, egin izan ditut Pello Osororekin elkarlanean, baina hau beste gauza bat zen. Beraz, uste nuen Mendifilmekoek ezetz esango zidatela eta dokumentalak YouTuben amaituko zuela. Orduan, demasa izan da hau guztia, oso esperientzia polita.
Mendifilm jaialdian estreinatu zenuen Zazpi. Beste toki batzuetan ikusteko aukera izango dugu?
Bai. Orain, alde batetik, Menditourren parte izango da eta Menditour jasotzen den herri bakoitzak bertan ematea aukeratu ahal izango du ala ez. Bestetik, ez nuen oso argi nire kasa aurkezpenak antolatu ahal izango nituzkeen, baina bai, badut baimena. Beraz, ikusiko dugu Eibarren nola antolatzen dugun, modu batean edo bestean hemen bota beharko delako (barreak).
2022an aurkeztu zenuen Zazpi proiektua eta hiru fase izango zituela aipatu zenuen (kontakizuna, bidaia eta dokumentala). Nola joan da prozesu guztia?
Ordenaren faktoreen kontuarekin beti moldatu naiz gaizki. Hasieran, elkarrizketa batzuk egin nituen ‘Nire erreferenteak’ izendatu nuen proiektuan eta hor konturatu nintzen beste batzuen historia kontatzen ari nintzela, baina agian lehenik eta behin nirea kontatu behar nuela. Horrela eman nion hasiera Zazpi proiektuari, horrela lotu nuen ideia. Ez nuen neure burua kamera baten aurrean geldirik nire istorioa kontatzen ikusten, beraz, beste modu batean egiten saiatu nintzen. Gainera, ikusi nuen kontatzeko nituen gauzak oso ezberdinak zirela euren artean. Orduan, hasieran pentsatu nuen bideo labur batzuk egitea gauza zehatz batzuk jorratzeko (gaixotasuna, diagnostikoa, gerora etorri zena…), eta gero horrekin guztiarekin laburpen bat egitea, dokumental moduan. Politena hori geldituko da. Pellok ganoraz grabatu eta montatu du, Maitek oso musika polita jarri dio, eta Haritzek soinu-diseinua egin eta homogeneizatu egin du, emaitza are politagoa izateko. Horretan guztian ere faktoreen ordenarekin txarto. Izan ere, lehenik bidaia egin genuen irudiak grabatuz eta handik urtebetera egin nuen gidoia. Ez dakit zergatik, agian beldur eszenikoagatik. Pentsatzen nuen horrek ez zuela inongo interesik edukiko eta apaltasun horrekin egin nuen horrela.
Pellorekin egindako bidaia nolakoa izan zen?
Lehenik, Eibar inguruan bideo batzuk grabatu nituen kontakizuna egiteko, eta gero bidaia egin genuen. Bidaia kontakizuna lotzen joateko aitzakia bezala sortu zen. Marketing mundukoek lehenengo gure tranpak sortzen ditugu eta gero narratibak sortu hori pixka bat janzteko. Bidaiaren ideia Euskal Herriko probintzia bakoitzeko mendi-tontor altuena lotuko zuen bidea egitea zen. Hasierako asmoa dena aldi batean egitea zen, baina etapa batean ez nuen egin beharreko guztia egin (autokarabana ikusi nuen eta bertan gelditzen nintzela erabaki nuen). Beraz, lehenengo saio batean bederatzi egun egin genituen eta handik lau hilabetera azkenengo bi egunak. Tarte hori lagatzeak, kasualitatez, azken txanpa horretan elurra botatzea ekarri zuen eta Orhi eta Hiru Erregeen Mahaia elurtuta igaro genituen, irudi ikusgarriak lortuz. Beste modu batean amaitzeko aukera eman zidan eta, sinbolismoak asko gustatzen zaizkidanez (familia etorri zen…), politagoa izan zen.
Nolako bidelaguna izan zen Pello Osoro?
Bidaia Pellorekin eta Iñaki aitarekin egin nuen, bera izan baitzen laguntzailea. Autokarabanarekin gurekin etorri zen eta irteera guztietan, tarteko geldialdietan eta amaieretan zain izaten genuen janariarekin eta abar. Asko erraztu zidan bidaia. Pellok ere berdin. Ez genekien non grabatuko genuen, beraz, orri zuri baten aurrean geunden biok. Bere esku gelditu zen non grabatu eta emaitza polita gelditu da. Pello aspertu egin zela uste dut. Azkenean, goi-mailako triatloilaria da eta oso azkar ez doan tipo batekin joan zen. Etapa amaitzen genuenean, bizikletarekin arrabolan ibiltzen zen (barreak).
Maite Arroitajauregi eta Haritz Lete ere aipatu dituzu. Ez da ba kasualitatea izango denak eibartarrak izatea, ala?
Maite proiektuan egoteko arrazoia ez da bakarrik lan hau egiten oso ona dela, Maria emaztearen lehengusina ere badelako. Joera handia dut ingurukoengana joateko gauzak eskatzera, baldin eta haiekin ondo joango den segurtasuna badut. Adibidez, azken bi etapetan Fernando Errekalde mendiko-gida, Mariaren lehengusua eta nire eskolako kidea, eta horrelako saltsatan ibiltzea gustatzen zaion Fran Compostizo kuadrillako laguna ere etorri ziren. Ekarpenak egiten dizkidan jendea inguruan edukitzea gustatzen zait. Bestalde, Haritz Maiteren gomendioz sartu zen proiektuan. Dokumentalak soinu-diseinu ona behar zuela eta Haritzekin egitea aholkatu zidan. Gainera, ezagutzen nuenez, bikain! Proiektu oso eibartarra gelditu dela? Bai. Seguru aski, Eibartik kanpora eibartarragoa naiz Eibarren baino, baina horrela suertatu da, ez da nahita bilatutako zerbait. Dena dela, koinatuak Kalamua edo Eibar inguruko beste mendirik dokumentalean agertzen ez dela aurpegiratzen dit.
‘Nire erreferenteak’ proiektuan beste lagun batzuen historiak entzun ahal izan genituen, baina oraingoan zuk azaleratu duzu zurea. Nola sentitu zara ariketa hori egiten?
Sarri esaten dut kontakizuna zuk zeuk zuzentzen baduzu, horrek abantailak dituela: fokua zuk nahi duzun tokietan jartzen duzula, eta zuk nahi ez duzun tokietatik aldendu egiten duzula. Bestalde, horrelako kontakizun bat lotzeak buruan ideiak antolatzen eta narratiba sortzen laguntzen dit. Batzuetan, bizitzan horrelako zerbait gertatzen zaizunean, ez dut esango sinistu behar dituzunik, baina ideiak ordenatzeak eta norbere bizipenei hitzak jartzeak asko laguntzen du. Nire buruari ez diot erreferente edo eredu deituko, lotsa ematen didalako eta ez dudalako jendeak apaiza pulpitutik berbetan bezala ikustea. Ez dut inongo leziorik inori emateko. Kontatzen dudana baten bati balio badio, oso ondo, eta ez badio balio, ere bai. Ez dut jendea Zegama-Aizkorri edo horrelako proiektu bat egiten jarri nahi, bakoitzak berari funtzionatzen diona egin dezala bizitzako ustekabeei aurre egiteko. Badirudi zuriaren eta beltzaren artean aukeratzen gabiltzala etengabe, eta dena da grisa. Beti besteena kritikatzen gabiltza eta bakoitzak bere moduak ditu aurrera egiteko. Ahal duen moduan egiten du aurrera. Nik modu honetan eman diot forma bizi izan dudanari eta horrela egiten diot aurre, izena ematen eta hitza jartzen. Horrek laguntzen dit dena barneratzen. Izan ere, askotan, neurologoaren kontsultatik irteten zarenean, gauza batzuk digeritu egin behar dituzu. Oso ondo aurkitzen zara, baina bat-batean esaten dizu orban berriak azaldu direla eta, kontxo, “oso ondo nago, baina hor aktibitatea dago”. Zentzu horretan, istripuan besoa galdu zuen Irati Idiakezek zera esan zidan: “Guri besoa edo hanka falta zaigu, baina zurea ez da ikusten. Hori nola kudeatzen duzu?”. Hori kudeatzen ikasi egin behar da, ikusten ez diren gauza asko bezala.
Orain dela zazpi urteko Mikel Lizarraldek nola ikusiko luke gaur egunekoa? Nola ikusten duzu orain arte egindako bidea?
Bidea egiten noala ikusten dut. Diagnostikoa jaso nuen momentuan, beldurrak besterik ez nituen, logikoki. Ordura arteko bizitza amaitu egiten zela ikusten nuen. Horrekin esan nahi dut hortik aurrera ez zegoela ezer gehiago. Hor dena amaitzen zen eta, gero zer? Ba ez dakit, dena beltza ikusten nuen. Ez zegoen ezer. Mariak ospa egingo zuela uste nuen, baina maliziarekin, ez dut gaiztakeriarekin esaten. Kitto, hori amaitu zela pentsatzen nuen. Ez nuen hori pentsatzen katastrofista izanda, zeren eta, adibidez, zer irakurtzen nuen interneten esklerosi anizkoitzaren ingurua? Desgaitasuna. Orduan, Mariak etxean bi alaba eta tonto bat izango zituen zaintzeko. Horrela ikusten nuen. Baten batek esango du esajeratua naizela, ba oso ondo, zer esango diot bat? Bai uste dut beldurrak kentzen joan naizela eta bidea egiten noala, eta saiatzen ari naizela egiten ari naizen bide horretaz gozatzen. Gauza batzuk onak direla eta beste batzuk txarrak? Garbi dago, baina denok ditugu horrelako bideak, eta pentsatzen jarraitzen dut munduko zorionekoenetako naizela, %1a. Esklerosi anizkoitza dela-eta, sarri esaten da bizitzan karta txarrak tokatzea dela. Ba tira, 40 kartako sorta batetik nik bakarra dut txarra, baina besteak oso onak dira. Beraz, batzuetan hotza eta objektiboa izatea tokatzen zait. Ez dakigu bihar zer pasatuko den, baina azken urte hauetan abilezia batzuk garatzen joan naiz eta iruditzen zait etorri daitekeen gauza horri aurre egiten ikasten ari naizela. Behintzat, horretarako prestatzen saiatzen ari naiz, egoerak okerrera egingo balu. Ikusiko dugu egingo duen ala ez, ez dago nire esku.
Zazpi urteko bide horretan hainbat gauza egin dituzu (proiektuak, erronkak…), tartean Saalda. Aurten 14.000 euro saldu dituzue. Pozik?
Ikaragarria izan da. Saaldarekin publizitate ekintza txiki bat egin nuen, gainera ez zuena funtzionatu, eta beste dena ahoz ahokoa izan da eta hedabide batzuetan azaldu delako, tartean …eta kitto!-n. Horri esker bakarrik 14.000 saldu izana oso pozgarria da. Dohaintzan 4.000 euro baino gehiago eman ahal izan ditugu, salmenten %31. Beraz, eragin positiboa eduki dezakegula ikusten dugu.
Orain, ‘Zazpi’ dokumentalak argia ikusi duela eta beste tokiren batean ikusteko aukera izango dugula, baduzu esku artean beste proiektu berririk?
Diagnostikoaren eta lehenengo urte hauen kontakizunaren zirkulua liburu batekin itxi nahi dut. Pixka bat laga nahi dut komentatzeari otsailaren 3a zela, mendiak korrika nenbilela bikoitza ikusi nuenean, eta abar. Den-dena hori geldituko da jasota, eta kitto. Neure buruari ere hori zor diot, testuan hobeto moldatzen den pertsona naizelako. Idaztea gustatzen zait. Bestalde, lagun on batek sarri esaten didan bezala, “kontuz txiklea gehiegi luzatzearekin”. Beraz, hor itxi nahi dut gai horren zirkulua. Gero, etorriko dira proiektu berriak, ez dakit. Hiru urte gelditzen zaizkit Nepalera joateko. Hor ikusiko dugu beste zerbait sortzen den. Neurologoari esan nion 10 urte barru Nepalera joango nintzela eta hiru urte eskas falta dira (barreak). Horri eusten diot eta espero dut hiru urtera ez bada, laura egitea. Etorriko da, helburu bat da. Ilusioa pizten dit. Diagnostikoaren momentuan irakurtzen nituen gauzen artean esaten zen esklerosi anizkoitzarekin ezin zenuela epe ertain-luzera helbururik ipini, eta horrek ‘krak’ egin zidan. Getaria-Zarautz igeriketa-lasterketa egiteko izena-eman nuen apiril horretan, proba uztailaren amaieran egiteko, eta ea helmugara iritsiko nintzen galdetzen nion neure buruari. Benetako zalantza nuen diagnostikoa jaso berri horretan. Ba heldu nintzen. Orduan, neure buruari esan nion ezin banituen epe luzerako helbururik jarri, ehun mendiak egiten hasiko nintzela. Sei urtetan lortu nuen 100 mendi ezberdin igotzeko helburua. Ezin ditudala epe luzeko helburuak jarri? Ba nik jarriko dizkiot neure buruari. Ez hainbeste harrokeriarekin, baizik eta, tira, helduko naiz heltzen naizen tokira. Agian ez naiz inoiz Nepalera helduko, baina hor dago tira egiten, zerumugan.