Zabalik da XXXIX. Indalecio Ojanguren Argazki Lehiaketan parte hartzeko epea
Eibarko Udalak, Eibarko Klub Deportiboaren laguntzarekin, XXXIX. Indalecio Ojanguren Argazki Lehiaketa antolatu du, eta zabalik dago dagoeneko lanak aurkezteko epea. Irailaren 1etik 25era bitartean aurkeztu ahal izango dira argazkiak.
Gaia librea izango da, eta nahi duten argazkizale guztiek parte hartu ahal izango dute. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez sei argazki aurkeztu ahal izango ditu: hiru zuri-beltzean eta beste hiru koloretan.
3.820 euro banatuko dituzte saritan
Lehiaketak hainbat sari izango ditu. Ohorezko Sariak 1.500 euro eta CEFen urrezko domina izango ditu, eta saritutako argazki-bildumak Portalean erakusketa egiteko aukera ere izango du. Horrez gain, 300 euroko lau Indalecio Ojanguren Sari banatuko dira, CEFen zilarrezko dominarekin.
Euskal Herriko sailkapenean, lehenengo hiru sailkatuek 250, 200 eta 150 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Herriko sailkapenean, berriz, 150, 120 eta 100 euroko sariak izango dira. 8 eta 16 urte bitarteko parte-hartzaileen artean, argazkirik onenak 150 euroko saria jasoko du. Guztira, 3.820 euro banatuko dira saritan.
Lehiaketa Argizaiola AGZ47-04/2026 lehiaketaren eta CEF Espainiako Argazkilaritza Konfederazioaren E-2026-19 sailkapenen barruan hartuko da kontuan, eta EHATE Argazki Elkarteen Euskal Federazioaren eta CEFen babesa du.
Lehiaketaren oinarriak irakurtzeko sakatu hemen.