Zabalik dago berriro Arragueta kalea, baina obren ondoren jasotzeke dauden hondakinek kezka sortu dute auzokideen artean
Arragueta kalea zabalik dago berriro trafikorako. Eibarko Udalak astelehenean iragarritakoaren arabera, Udaltzaingoak martitzenetik eguaztenerako goizaldean ireki du kalea, eta ibilgailuak ohiko ibilbidetik dabiltza dagoeneko. Autobus-lineen ibilbideak ere normaltasunera itzuli dira, eta Urkizuko geltokiak ohiko zerbitzua ematen du.
Kalea berriro zabalik dagoen arren, obren ondoren inguruan jasotzeke dauden materialek eta hondakinek kezka sortu dute auzokideen artean. Bittor Sarasketa kaleko bizilagun batek …eta kitto!-ri bidalitako mezuan azaldu duenez, beste auzokide batzuekin hitz egin ondoren helarazi du kezka hori. Izan ere, Arraguetako obretan erabilitako hainbat material eta hondakin jasotzeke daudela ohartarazi du.
Bizilagunak adierazi du orube hutsak egoera txukunean mantentzeko betebeharra jasota dagoela udal-ordenantzetan, eta udalari eskatu dio arau hori betearazteko neurriak har ditzala.

