Zaharberritutako tren geltokia Arrate bezperan zabalduko dute
EuskoTrenbideak-ek Eibarren egiten diharduen konponketa beharrak amaituta, hilaren 7tik aurrera berriz ere zabalik eta martxa betean egongo da goitik behera berritutako tren geltokia eta egun berean hasiko da martxan baita ere Azitainen eraiki duten geltoki berria. Hasierako asmoa piskat aurrerago geltoki biak inauguratzekoa zen, baina urriaren 21erako hauteskundeak deitu dituztenez, legeak ez du lagatzen inaugurazio ekitaldi ofizialik egiten eta, horregatik, barixakuan bertan zabalduko dituzte eta aurrerantzean erregular erabiltzeko aukera egongo da. 100 urtetik gorako historia duen Estaziño kaleko geltokia zaharberritzeko beharrek 5'1 milioi euroko aurrekontua eduki dute eta, besteak beste, jatorrizko fatxadari eutsi diote. Azitain inguruan trenbidea bikoizteko beharrak eta bertan geltokia egiteak, berriz, 5'9 milioi euroko aurrekontua izan dute. Edozein modutan ere, urrian hauteskundeak pasatu eta jarraian inaugurazio ekitaldi ofiziala egiteko asmoa dutela aurreratu dute agintariek.