Zapatuan egitekoa zen Zuhaitz Eguna apirilaren 6ra atzeratzea erabaki dute, eguraldi-iragarpenen ondorioz
Astebururako iragarrita dagoen eguraldi txarraren eraginez, zapatuan, martxoaren 2an egitekoa zen Zuhaitz Eguna bertan behera lagatzea erabaki dute antolatzaileek. Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Eibarko Baso Biziak elkartearekin eta Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean antolatuta zuten zuhaitz-landaketa aurrerago, apirilaren 6an egingo dela eman dute aditzera.
Azken urteetan egiten ari den ekimena eibartar guztiei zuzenduta dago, eta udal-lursailetan baso autoktonoa berreskuratzea da helburua. Landaketak Urkoren magalean dagoen Pagaegikortako lursailean egingo dira, Udalak erosi berri duen lursailean. Azaldu dutenez, “horrela, lursailean orain arte zeuden pinuak botatzeko lanak egin direnez, Zuhaitz Egunean 500 zuhaitz edo zuhaixka autoktono landatuko dira aurten (otsalizarra, pagoa, sahatsa, ahuntz-sahatsa, urkia, haritza, gorostia, artea, gaztainondoa, zuhandorra, hurritza, elorri zuria, zumalakarra, gereziondoa) Udalak berriki erosi duen lursailean, biodibertsitatea, paisaia eta ziklo hidrologikoa berreskuratzeko. 500 arbola hauez gain, asmoa da beste 5.500 arbola landatzea 2024an, bertako basoa berreskuratzeko”.